Arana motor gainera igoko da etzi berriro, Arratzuko Enduroan
Domekan motor hotsek hartuko dute Arratzu. Beste urte batez Enduro lasterketa lehiatuko dute, eta aurtengoa ere Euskadiko Txapelketarako puntuagarria izango da. Bigarren proba da; lehenengoa Nafarroako Irañeta udalerrian lehiatu zuten, eta datorren as...
Urte betez txapelketetatik kanpo egon ostean, Txomin Arana ereñarraren itzulera bertatik bertara ikusteko gogotsu egongo dira eskualdeko motorzaleak. Haregaz batera, Iñigo Ugalde gernikarrak, Iker Mintegia munitibartarrak eta Jokin Aldamizetxebarria lekeitiarrak ere parte hartuko dute domekako lehian.
Kategoria guztiak kontuan hartuta, 75 bat motor gidarik lehiatuko dute proba. Hala, Arratzuko Enduroa irabazteko bi faborito nagusi daude: Balmasedako Borja Nieto iazko lasterketaren irabazlea eta Markos Beaza altsasuarra.
08:00etatik 09:30era egiaztapenak egin ondoren, 10:00etan hasiko da proba. Aurten ere bost kategoria egongo dira: junior eta senior mailetako Kopa eta Txapelketa kategoriak, eta beteranoena.
Txapelketa kategoriako junior zein senior pilotuek lau buelta emango dizkiote ibilbideari, eta horretarako 55 minutu izango dituzte. Beste kategorietako parte hartzaileek, ostera, ibilbide berari hiru buelta emango dizkiote, eta ordubete izango dute.
Antolatzaileek jakitera eman dutenez, 15:00ak aldera izango da sari banaketa ekitaldia. Kategoria bakoitzeko lehenengo hirurak sarituko dituzte. «Eguraldi ona iragarrita dago, eta herriko jaiak direnez, giro ederra egotea espero dugu».