Barandikak irabazi du nagusien IX. Barikuetan Jai Alai Kiniela
IX. Barikuetan Jai Alai Kinielako nagusien finala jokatuko dute gaur, 20:00etan. Hala ere, dagoeneko argitu da zein den aurtengo irabazlea. Jon Barandika nagusitu da aurtengo lehian. Gernikarrak hiru kiniela irabazi ditu, eta bigarren eta hirugarren sa...
Nagusien finalaren aurretik, 18:00etan umeen kinielak jokatuko dituzte (ez dira lehiakorrak), eta 19:00etatik aurrera, gazteenak. Horientzat zazpigarren jardunaldia da gaurkoa, eta datorren astean lehiatuko dituzte finalak.
Nagusien lehiari dagokionez, gaur erabakiko dira bigarren eta hirugarren sailkatuak. Izan ere, Elkoro I, Urrutxua eta Urkoren artean dago bigarren postua. «Elkorok bi kiniela irabazi ditu, baina Urrutxuak eta Urkok gaur irabaziko balute bigarren geratzeko aukera lukete».
Gaur egingo dute sari banaketa ekitaldia, baina kinielan sailkatzen diren lehenengo bi aurrelariek eta atzelariek beste sari bat izango dute. Hain zuzen, datorren astean, ekainaren 2an, profesionalekin jokatuko dute. Gonzalo Beaskoetxea gernikarragaz, Etxeba markina-xemeindarragaz eta Cuvert eta Minvielle iparraldeko puntistekin osatuko dute bikotea.
Barandika eta Elkoro Iak jokatuko dute, eta gaur argituko da zeintzuk diren beste biak. «Bikoteak egiterakoan oreka mantentzen saiatuko gara, ahalik-eta kiniela parekatuena osatzeko».
Gaurko sari banaketa ekitaldian jantziko du txapela Barandikak, eta 250 euroko diru saria jasoko du. Bigarren sailkatuak 150 euro irabaziko ditu, eta hirugarrenak, 100 euro.