Esteban Irusta Mallea: 'ETAren bukaera'
Azkenengo urte luze hauetan, gehienentzako bizitza guztian, ETAren gorabeherak Espainia eta Euskal Herriko komunikabideetan ordu eta orrialde asko bete ditu. Kazetari ugarik eman dituzte euren iritziak. Asko gara ETA hasieratik ezagutu dugunok, ez barrutik baina, bai hurbiletik, bertan, Euskal Herrian, bizi izan garelako. Eta esan beharrik ez dago, iritzi askorekin ez gaudela ados, batez ere, Espainia aldeko ikuspuntua azaltzen dutenekin. Honetarako ez daukagu urrutira joan beharrik.
Euskal Herriko komunikabideetako kazetari asko abertzaleen ikuspuntutik oso urruti daude. Denak aipatzea ez du merezi. Nahikoa esanguratsuak dira banaka batzuk nola pentsatzen duten jakitea besteena ezagutzeko. Horien artean, Luis Haranburu Altuna eta Manuel Montero aurkitzen dira. Biak oso ezagunak dira. Oraindik nire harridura ez da bukatu. Nola lortu zuen Manuel Monterok Euskal Unibertsitateko Erretore izatea? Bere artikuluen ia gai bakarra, euskal gizartea izaten da. Eta beti, salbuespenik gabe, bere kontra hitzegiteko. Beste hainbeste esan dezakegu Luis Haranburu Altuna eta beste askoren azalpenei buruz. ETA dela-eta herritar guztiak zikindu nahian dabiltza urte guzti hauetan. ETAk bere ekintza bukatu arren, berdin jarraitzen dute. Gehiago esan dezakegu. ETAk bere ekintzak bukatutzat eman zituenean, eta oraingo armagabetzearen aurrean, kazetari asko eta Espainiako Gobernua erakusten ari diren haserreak harritu egiten gaitu.
Portaera hauek zer pentsa ematen dute. Azken baten, ETAz aparte, barne barnean, ikusi ezin dutena euskaldunen pentsakera da. Mayor Orejak, bere denboran garbi esan zuen: «Peor que ETA es el nacionalismo». Hau da, benetan, mingarriena beraientzat. ETA armagabetu ondoren hasi dira esaten ez dela desagertu, eta ez dela desagertuko inoiz. Adierazpen horrek nahikoa garbi adierazten du beraien ardura nagusia euskal nazionalismoa dela. Hau da, benetan Espainia aldekoen buruhauste nagusia. Inoiz esan izan dute, denok, herritar arruntok, etarrak ginela. Setien eta Uriarte gotzainak ere, bere denboran, nahiz eta borroka armatuaren kontra azaldu, behin eta berriz, kristau elizaren eta bere izenean, etakidetzat hartuak izan ziren.
Frankoren diktadura ezagutu genuenontzat ez da batere zaila. Euskal kultura, oro har, eta euskera batez ere, lur jota zegoen. Irtenbide bat behar-beharrezkoa zela ikusten genuen denok
Dena den,Espainiako gobernuak ETAren kontrako legedi berdinakin jarraitzen du, nahiz eta, bere ekintzak bukatuta izan. Orain, etarrak desagertu egin behar direla esaten ari dira, baina hori nola zehazten den jakitea ez da samurra. Beharbada, eurek ere ez dakite, baina, nolabaiteko ETAren jarraipenaren beharra daukatela dirudi. Franko eta frankistekin ez dute izan hainbeste eskakizun. Politikari eta kazetari espainolek ez dute ulertzen, edo ez dute ulertu nahi zergatik sortu zen ETA. Baina Frankoren diktadura ezagutu genuenontzat ez da batere zaila. Euskal kultura, oro har, eta euskera batez ere, lur jota zegoen. Irtenbide bat behar-beharrezkoa zela ikusten genuen denok.Eta batzuk kultura mailan pausu ausartak ematen hasi ziren. Hasieran eztabaida asko egon omen zen, eta hamar urtetan ez zuten hilketarik egin. Geroko urte luzeak, zoritxarrez, beste bidetik joan ziren, denon kalterako, batez ere, hildako eta bere familientzako. Une honetan, pozteko arrazoiak ditugu, armen bidez lortzen dena ez da bidezkoa eta. Beste aldetik, askorentzat geroagoko ETAren helburua zein zen ez zegoen oso garbi, ez eta zein zen bere gizarte-eredua ere. Behar bada, eredu bat baino gehiago izango zituzten. Bestela ezin da ulertu ETA Politiko Militarreko kide batzuk PP eta PSOE alderdi espainoletara pasatzea. Horregatik eta beste ekintza ulertezin askorengatik ondorioztatu zuten etakide asko ez zirela abertzaleak, eta ez zutela Euskadi aberriaren alde borrokatu.
Honela pentsatzea ez da arritzekoa, ez da arraroa, jakinez, horrelako erakundeetan etsaiaren infiltratuak ere izaten direla. Konkretuki, ETAn bazirela esan zigun, urte haietan, Iparraldean zegoen iheslari batek. Baina zeintzuk ziren jakitea, beste kontu bat da. Orain, ETArik gabe, etorkizunerako zein bide den egokiena da eztabaida berria, politikarien eta orokorki,herritarren artean.