Xabier Arrate Burguillo: 'Abaroa gunea, herritarren esku'
Egunotan heldu zaigu udalaren partetik Abaroa Jauregiaren erabilerak zehazteko prozesuan parte hartzeko deia. Bederatzi hilabeteko epean jauregia zertarako izan daitekeen adieraziko lukeen proiektua idatzi nahi du udalak. Horretarako, orain arte izandako prozesu eta ekarpen desberdinetatik edango duten parte hartze saioak antolatuko dira.
Abaroa gunea herriaren erdian daukagun espazioa da. Herriak irabazitako izugarrizko ondarea eta Lekeitioren garapen eta ongizaterako berebiziko potentziala daukana gainera. EH Bilduk, nola ez, aktiboki hartuko du parte prozesu horretan, ez baita prozesu berri bat. Urte askoko ibilbidea daukan lan baten jarraipena da martxan dagoena. Abaroa herriarentzako izateko lanak aspaldi hasi ziren, eta espazio horrek herriari nola erantzun ahal dion pentsatzen ere ibili dira herritarrak azken urteetan. Ezin dira ahaztu auzolanean berreskuratutako lorategia, urteetan egindako aldarrikapenak, gizarte talde desberdinek gune horren erabilerarekiko egindako ekarpenak, edo erakundeetatik, agintaldi desberdinetan emandako pausuak. Eta baita arriskuak ere! Gogoratu, ondarea pribatizatu eta goi mailako hotel bat bihurtzeko proiektuak ere egon ziren mahai gainean! Aurreko agintaldian ondare izendatzea lortu zen, eta horrek, besteak beste esan nahi du, espazio hori herriarentzako ekipamendu moduan erabili behar dela, eta bere berezitasun arkitektonikoak mantendu egin behar direla horretarako. Espazio soziokulturala izateko baldintza jartzen dio horrek, eta esku pribatuen eta espekulazioaren arriskuak ekiditea lortu zen, besteak beste. Beraz, aurretik egindako hausnarketak izan behar dira abiapuntu.
Benetan sinisten dugu gai honek aukera ezin hobea ematen digula handira jotzeko eta herri akordio zabal bat lortzeko. Aukera paregabea da behinola zer izan ginen jakinda, zer izan gaitezkeen pentsatzen jartzeko. Ariketa interesgarria daukagu martxan. Nola bilakatu dezakegu espazio hau herriko kultur eta gizarte garapenean eragiteko leku? Herriarentzako motore ekonomiko izan daitekeen leku bat, baina era berean kultur mugimenduari, euskarari edo gizarte beharrizanei erantzuteko leku bat egin dezakegu? Kultura, gizartea, eta ekonomia uztartuko dituen leku bat eta herritarren eta bisitarien topaleku izan daitekeena bihur daiteke?
Guk behintzat, indarrez egingo dugu lan norabide horretan. Eta gustatuko litzaiguke eztabaida aberats eta anitza ematea, herritarrentzako espazio bat sortzea gure esku baitaukagu, eta herriak berez duen ondarea oraindik ere aberatsagoa bihurtzeko. Egin dezagun herri, eta jo dezagun handira!
–Xabier Arrate Burguillo. Lekeitioko EH Bilduren izenean