Euskara bultzatzeko ekimenagaz bat egin dute arraun ordezkariek. Hala,
Bizkaiko Foru Aldundiak eta Traineruen Kluben Elkarteak hitzarmena sinatu dute gaur goizean [ekainak 19] Bilbon.
Akordioaren helburua “euskara bultzatuz eta euskarari hegoak emanez”, Euskararen Txantxangorriari babesa eskaintzea dela azaldu dute.
Euskararen Txantxangorria euskararen erabilera bultzatzeko eta zabaltzeko sortutako sinboloa eta ekimena da.
Bizkaiko Foru Aldundiak eta Traineruen Kluben Erakundeak goizean sinatu dute hitzarmena Bilbon.
Argazkia: Eusko Label Liga.
Borja Rodrigo TKEko presidenteak euskararen “zabalkunde eta normalizazio prozesua” gertatzeko halako ekimenak garrantzitsuak direla nabarmendu du. Haren berbetan, TKEk euskara eta galiziera sustatu izan ditu beti, eta gaur sinatutako hitzarmenaren helburua “konpromiso hori indartzea” dela zehaztu du.
Bestalde,
Lorea Bilbao Euskara eta Kultura diputatuak elkarlanean euskara sustatzen jardutea beharrezkoa dela adierazi du: “Eusko Label Ligak berea egin du euskara erabiltzearen gonbidapena. Denon artean euskarari bultzada eman nahi diogu, gero eta eremu gehiagotan bere erabilera handitzeko eta honen bitartez, beste kirolei eta bizkaitar guztiei zabaldu nahi diegu gonbidapen hau”.
Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak eta
Ondarroa Cikautxo, Urdaibai Avia, Kaiku Producha eta Zierbena Bahías de Bizkaia arraun talde bizkaitarretako ordezkariak ere egon dira goizeko ekitaldian.
Aipatu lau taldeetako arraunlariek euskararen txantxangorriaren ikurra jarri diote euren traineruari. Ondarroako arraun taldeko ordezkaria
Iñigo Larrinaga patroia izan da, eta berak jarri dio Euskararen Txantxangorria
Antiguako Ama traineruari –beheko argazkian–.
Iñigo Larrinaga patroia Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiagaz Euskararen Txantxangorria jartzen ‘Antiguako Ama’ traineruari.
Argazkia: Eusko Label Liga.