Uretan daude traineruak. Zapatuan emakumeen Gipuzkoako Liga hasi zen, eta domekan, gizonezkoen KAE 1 eta KAE 2 ligak hasi ziren lehiatzen.
Deustun hasi zuten liga eskualdeko neskek beste bederatzi taldegaz batera, eta bederatzigarren postua lortu zuten 11:57.01 denbora eskuratuz. Sailkapen orokorrerako 2 puntu eskuratu zituzten. San Juanek irabazi zuen, 10:31.73ko denboragaz. Ligako bigarren eta hirugarren estropada puntuagarriak zapatuan Pasai-Donibanen eta domekan Portugaleten lehiatuko dituzte.
Lea-Artibai trainerua.
KAE 1 liga Santurtziko 38. Ikurrinagaz hasi zen; Isuntzak laugarren postua eskuratu zuen sailkapen orokorrean, 20:22,60 denbogaz –9 puntu–. Lehen txandan aritu ziren lekeitiarrak Santurtzi, Portugalete eta Zarautzegaz batera, eta hirugarrenak izan ziren. Estropadaren garailea Santurtzi izan zen (20:11.01). Ligako hurrengo estropada puntuagarriak zapatuan arratsaldez Portugaleten (16:30ean) eta domeka goizez (12:00etan) Getarian lehiatuko dituzte. Estropada biak ohiko formatuan jokatuko dituzte: hiru txanda, eta txanda bakoitzean lau traineru. Isuntza ohorezko txandan egongo da.
Lekittarrak laugarren postua lortu zuen lehen jardunaldian.
Domeka goizean hasi zen KAE 2 Liga, eta Mutrikuko Arraun Taldea aritu zen bertan. Estropada San Juanek irabazi zuen, 20:50.06 denboragaz, eta Mutrikuk 21:41.18 behar izan zituen, hamaikagarren postuan geratuz. Estropada erlojupeko formatuan izan zen.