Aurkezpen ekitaldia egingo dute Elantxoben
Elantxobeko Gure Esku Dago (GED) herri ekimenak erabakitzeko eskubidea gauzatu gura du. Horretarako, aurkezpen ekitaldia egingo du gaur, herrian bertan. Jubilatuen etxean batzeko deia egin die elantxobetarrei, 19:00etan.Erabakitzeko prest, Elantxobe al...
Erabakitzeko prest, Elantxobe alkarregaz leloa hartuta, apirilaren 2an Busturialdeko hainbat herritan egin legez, herri galdeketa egin ahal izateko oinarriak azalduko dituzte gaurko aurkezpen ekitaldian. Horretako, Gure Esku Dago dinamikako beste herri batzuetako ordezkariak joango dira Elantxobera, baita Bizkaikoak ere. Hain zuzen, Bizkaiko taldeko Nerea Muniozguren egongo da gaur Elantxoben; Gorka Lobato eta Karmele Biritxinaga joango dira Ereñotik, eta Gaizka Arrizabalaga eta Idoia Etxebarria Ibarrangelutik.
Izan ere, azken herri horrek ere agertu du galdeketa egiteko asmoa. Horretarako, Ibarrangelun festak direla baliatuta, sinadurak bilduko dituzte bihar paella txapelketan, eta Elantxobeko GED dinamikak ere ekimen horretan parte hartzeko deia egin du. Esan duenez, aukera ona da bertara joateko eta haien dinamika ikusteko.
Aurten, udazkenean egin gura dute ibarrangelutarrek herri galdeketa. Joan den apirilaren 2an egin zuten herriei lekukoa hartu, eta erabakitzeko eskubidearen olatua handitu gura dute. Galdeketaren bidea «arrakastaz» egiteko, hiru pauso jarraituko ditu Ibarrangeluko Gure Esku Dago-k: sinadurak batuko dituzte lehenengo 86 sinadura behar dituzte herritarren artean kontsulta egin ahal izateko; ostean, galdeketarako galdera denen artean adostuko dute, eta, azkenik, erabakitzeko eskubidea gauzatuko dute. Bakoitzaren pentsaera, jatorria, kolorea eta sentsibilitatea errespetatuz, Gure Esku Dago ekimena denentzako zabalik dagoela adierazi dute: «Denon beharra dago; inor ez dago soberan».