Berriatuko San Pedro jaiak, bost egunez herria jai giroz zipriztintzen
[EGITARAUA: Berriatuko San Pedro jaiak]
Umeen Eguna, betiko legez, Anaitasuna erretiratuen elkartekoekin elkarlanean egingo dute. «Jai batzordeko kideok bazkaria egingo dugu, eta Anaitasunakoek zerbitzatu egingo dute. Gero, txokolatea ere Anaitasunakoek ematen dute». Txikien eguneko ekintzak asko aldatu ez badira ere, orain arte egin izan diren ekintzei kutsu pedagogikoagoa daukan beste bat gehitu nahi izan diete. «Esan genezake orain arte puzgarri eta abarrak egon izan direla, eta horiek mantenduko baditugu ere, aurten ikuspuntu pedagogikoa ere txertatu nahi izan dugu egitarauan. Hortik sortu da sormen txokoa egiteko ekintza».Jon Arriola Berriatuko alkatea: “Badakigu herritarrak Ondarroara joaten direla iluntzean eta eguerdian, eta horregatik, egun horretan ez dugu gaueko ekintzarik antolatu”Berrikuntzak. Oro har, egitaraua aurreko urteetako «antzekoa» dela esan du Arriolak. Baina berrikuntzak ere ez dira falta. Eta hor sartzen da txirrindularitzako Emakumeen I. Berritxu Saria. «Iaz Emakumeen Biraren etapa eduki genuen herrian. Eta hortik tira eginda, aurten, emakumeei begirako txirrindu lasterketa antolatu du- gu». Emakumeen Bira herrira ekartzea emakumezkoek txirridularitzan egiten duten lana bistaratzeko eta bultzatzeko asmoagaz egin zela argitu du Arriolak. «Eta aurten, Berritxu Txirrindulari Elkarteak helburu horiei eusteko asmoa agertu du, eta lasterketa antolatzeko konpromisoa hartu dute». Aurrera begira ere, txirrindulari lasterketa hori urtero antolatzen jarraitu nahi dutela gaineratu du. Kuadrillen arteko entsalada eta tortilla txapelketa ere arrakastatsua izaten dela azaldu du Arriolak. «Txapelketa modura antolatzen badugu ere, herritarrak batzeko aitzakia bat izaten da. Eta urtetik urtera gero eta jende gehiago batzen duen ekintza izaten da». Gutxi gorabehera, 200 lagun inguru batzen direla dio. «Sangregorioetako paelladan baino jende gutxiago batzen bada ere, ekintza hau ere arrakastatsua izaten da». Entsalada Eguna uztailaren 1ean egingo da, eta egun horretan Ondarroan Zapato Azule ospatzen bada ere, hori kontuan eduki dutela azaldu du. «Badakigu herritarrak Ondarroara joaten direla iluntzean eta eguerdian, eta horregatik, egun horretan ez dugu gaueko ekintzarik antolatu». Herritarrek Ondarroan poteoa egiteko ohitura edukitzen dutela eta, bazkalorduan Berriatuan entsaladak eta tortillak bazkaldu eta gero berriro Ondarroara joateko aukera daukatela dio. Egun horretan baita ere, tiragoma txapelketa egoten da arratsaldean, eta horretan ume eta nagusiak batzen direla esan du. Elkarlanean egindako jaiak. Urte osoan elkarlana izaten da nagusi Berriatuan. Hala, herriko talde eta elkarteek jaien antolakuntzan laguntzen dute. Horren jakitun, jai batzordeak eskerrak eman nahi izan dizkie antolakuntzan lagundu duten herritar guztiei.