Ondarroako auto eskoletan gidabaimenik ia inork euskaraz atera ez duela ikusita,
gidabaimena euskaraz ateratzen dutenei diru laguntza ematea erabaki du Ondarroako Udalak. “Orain arteko ikasketa guztiak euskaraz egin ditugun moduan, gidabaimena ere euskaraz ateratzea litzateke naturalena”, azaldu du Leire Beitia euskara zinegotziak. Datuak ikusita, gidabaimena ateratzeko
azterketa teorikoa egiteko laguntza ematea erabaki du, hortaz, udalak.
Deialdia irailean argitaratuko du ziurrena udalak, eta orduan eskatu ahal izango dute diru laguntza 2017 urtean azterketa teorikoa euskaraz
egin edo egiteko asmoa duten guztiek. Euskara zinegotziak gaineratu duenez, herriko auto eskolekin harremanetan daude denek batera kanpainari bultzada emateko: “Garrantzitsua da herriko agente aktiboak ere kanpaina honetan inplikatzea, modu honetan bakarrik lortuko ditugu emaitza hobeak”.
Gidabaimena euskaraz ateratzeko diru laguntzak ematea
Segi zeure bidiai izeneko kanpainaren barruan kokatzen da. Kanpainaren helburua da euskararen erabileran egunerokotasunean eman daitezkeen pauso txikien inguruan herritarrak jakitun izatea. Pauso horiek, esate baterako, abizenak euskalduntzea edo telefono mugikorraren sistema eragilea euskaraz jartzea izan daitezke.
Kanpainaren irudi gisa, Ondarroako
itsasargia erabili du udalak, herritarrei bidea erakusteko modu bat balitz bezala. Udalak kanpainan parte hartzera gonbidatu ditu herritarrak, eta askotan inguruan gaztelaniaz dagoen zerbait eta euskaraz egin daitekeena, euskaraz egitera. Udalak gogoratu du gazteak direla herrian euskaraz gehien hitz egiten dutenak,
%92, baina egunerokotasunean euskararen alde eman daitezkeen pausoak ematen jarraitu behar dutela ondarrutar guztiek.
Autoak errepidean.