Iragan astean
3.573 kilo porturatu ziren Ondarroan, eta kiloak
7,42 euroko bataz bestekoa egin zuen Kalare Deuna Arrantzalen Kofradian. Gaur [uztailak 4], ontziek itsasoan jarraitzen dute arrantzan.
Iaz, Bizkaia eta Gipuzkoako portuetan
6.207 tona hegaluze porturatu ziren. Aurten, baina, antxoa sasoia ona izan dela eta, ontziak iaz baino beranduago atera dira itsasora hegaluzea arrantzatzera. Urteko arrantza kanpainarik garrantzitsuena izaten da, ontziei diru sarrera handienak ematen diena.
Pasa den astean 3 tona eta erdi hegaluze lehorreratu zituzten Ondarroan.
Normalean,
ia urriaren azken asteraino luzatu ohi da hegaluze kanpaina, baina arrantzaleek gogorarazi dute
iaz urriaren 5ean itxi ziela Espainiako Gobernuak hegaluzea arrantzatzeko sasoia. Geroago jakin zen, kanpaina ixteko epea aurreratzearen arrazoia Nekazaritza eta Arrantza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak Espainiari zegokion arrantza kuotatik
1.200 tona Frantziari ematea izan zela.
Horren harira, EAJko senatari
Jose Maria Cazalisek iazko arazoa konpontzeko aurtengo hegaluzearen kanpainan ea zer nolako neurriak hartuko dituen galdetu zion martxoan Isabel Tejerina Nekazaritza eta Arrantza, Elikadura eta Ingurumen ministroari senatuan. Aurten
kuota zatirik ematea ez dutela aurreikusten erantzun zion, eta Europar Batasuneko beste estatu batzuekin lanean dabilela gehitu zuen, iazko irailean modura, espainiar estatuko ontziek gehiago arrantzatu ahal izan dezaten. Tejerina andreak gaineratu zuen, 2017an Espainiari dagozkion 14.981 tonei balitekeela beste 1.498 tona gehitzea. Hori horrela balitz, “albiste pozgarria izango litzatekeela” aitortu dute arrantzaleek.