Ohitura legez, Martin Deunaren jaia ospatzeko batu dira ispastertarrak Soluane auzoko San Martin ermitaren inguruan.
Eguerdian baseliza barruan meza entzun ondoren,
Luis Eraso berastegiarraren erakustaldiaz gozatu dute bertaratu direnek.
Motozerra erabiliz zenbait irudi sortu ditu. Zehatz esateko, akerra, txakurra eta lorak egin ditu, lorontzi eta guzti. Artista ederra dela erakutsi du gipuzkoarrak, pultsu ona duela agerian utziz. Bizilagunak gerizpeetan babestuta adi jarraitu jarraitu dute haren saioa. Gaur egindako artelanak
Santiago jaietan zozkatuko dituzte herritarren artean.
Azaldu duenez, orain dela zortzi bat urte ere Ispasterren egon zen: “Baseliza honetan ez, baina beste auzo bateko jaietan egon nintzen, orduan astoa eta karroa egin genituen lagun batek eta biok. Herri bakoitzean egiten dudana apuntatu egiten dut, beste urteren batean joanez gero, lanak ez errepikatzeko”.
Luis Eraso berastegiarraren erakustaldiak ikusmina sortu du.
Erasok dozena bat urtetik gora daramatza egurrezko irudien artea lantzen. Lehenengo aizkoragaz egiten zituen askotariko irudiak, eta azken urteetan motozerra erabiltzen du.
Euskal Herriko hamaika udalerritan ez ezik, Espainiako zenbait lekutara ere joaten da haren sormena erakusten. “Halako irudiak egiteko berezko abilezia behar da. Hasieran lau lagun hasi ginen, eta orain bakarrik aritzen naiz herriz herri. Euskal Herrian ez ezik, Espainia erdia ere pasatu dut. San Juan egunean Palentzian bi saio egin zituen, bata eguerdian eta bestea arratsaldean. Aurten Tarragonan ere egon naiz, eta urte batzuetan Toledo aldean erakustaldi asko egiten nituen”.
Mus eta Briska Txapelketak. Arratsaldean Mus eta Briska Txapelketak jokatu dituzte, lau erregetara ermita alboko txokoan.
Mus Txapelketaren irabazleak.
Argazkia: Ispasterko Udala
Mus txapelketako irabazleak Bizente Barainkenekue eta
Otei izan dira, eta Briskan, berriz, Maribel eta Arantza izan dira onenak.
Briska Txapelketaren irabazleak.
Argazkia: Ispasterko Udala.
Beste urte batez, sari ederrak jaso dituzte lehenengo sailkatuek. Txapelketen irabazleek txapelakaz batera, batutako diru kopuruaren %50 jaso dituzte. Era berean, bigarren, hirugarren eta laugarren sailkatuentzat garaikurrak egon dira, eta hirugarren (batutakoaren %30) eta laugarren (batutakoaren %20) bikoteek diru-saria ere izan dute.