Markina-Xemeingo eta Etxebarriko bizilagun asko igo ziren atzo [uztailak 9], Iturretara,
Kristobal Deunaren Jaiak ospatzera. 10:30ean elkartu ziren batzuk Markina-Xemeingo Arkupean, jaietako mendi martxan parte hartu eta Iturretara oinez igotzeko. Bertan ziren guztiak, Zaldiaren eta Mendexako gazteen arteko norgehiagoka ikusteko.
Mendexako gaztea butano bonbonak eroaten Iturretako probalekuan.
Zaldia izan zen probalekura irtetzen lehenengoa, eta
58 untze 3/4 eta 5 metro egin zituen 20 minutuan. Denbora berbera eduki zuten Mendexako gazteek (Arrate, Gafitas, Asterrika eta Belaustei) butano bonbona bi, txingak balitz bezala, txandaka eramateko. Lau mutillek
65 untza 3 metro eta 70 zentimetro egin zituzten, norgehiagoka irabaziz.
Beste bi lehiaketa gehiago ere jokatu ziren, ondoren, ermitaren ondoko landan. Lehenengo hainbat ume eta gaztetxo aritu ziren txapel jaurtiketan, eta
Xuban Idigoras etxebarritarra izan zen txapela urrunen bidaltzen trebeena; 17 metro eta 20 zentimetrora jaurti zuen.
Nagusiak atera ziren jarraian, belarretara. Bikoteka jardun zuten txingak jaurtzen. Irabazleak,
Juan Mari Mandiola eta
Irma Etxeberria izan ziren. 24 metro eta 50 zentimetrora jaurti zuten txinga, bien artean.
Arratsalderako idi probak zituen antolatuta Iturretako jai batzordeak, baina,
bertan behera gelditu behar izan ziren, dirudienez federazioaren eta partaideen arteko arazoren bat zela eta. Horren ordez, jai batzordekoek mus eta briska txapelketa antolatu zuen, bat-batean, arratsalderako.