Xabier EtxanizAizpurutxo soinu jotzaile azkoitiarrak eta Ainara Saizar pandero jotzaile aiarrak irabazi dute Markina-Xemeingo Helduen I. Trikitixa Txapelketa. Hamar urte eta gero, Etxaniz berriro aurkeztu da trikiti txapelketa batera eta txapela jantzi zuen. Etxebarriko Mirari Azkune gelditu zen bigarren Aintzane Agirrebeñarekin bikotean, eta hirugarren saria Leire Zumeta eta Amaia Arzarentzat izan zen.
Xabier Etxaniz eta Ainara Saizar, semearekin jotzen txapelketa irabazi ostean.
Arrakasta handiz ospatu zen zapatu gauean [uztailak 8] Markina-Xemeingo Trikitixa Txapelketa. 1991tik ez da 22 urtetik gorakoen trikiti txapelketa nagusirik antolatu Euskal Herrian, eta pankarta eta guzti eta animatzeko gogoz zegoen publikoa. Girorik ez zen falta izan Markina-Xemeinen, ez txapelketaren aurretik, ez bertan txapelketan, ez eta ondoren ere.
Azkenean, hamar bikote igo ziren Pilotaren Unibertsitateko kantxan ezarri zuten oholtzara, zozketan erabakitako txandetan, eta hiru pieza jo zituzten trebetasun handiz.
Epaimahaia. Txapelketa antolatu duen jai batzordeak azaldu zuenez, bost epaile zituzten lotuta txapelketa epaitzeko: epaile bi trikitixa epaitzeko, bat ahotsa epaitzeko, beste bat dantzagarritasuna epaitzeko eta beste bat panderoa epaitzeko. Baina, bata dela eta bestea dela nahiko estu ibili zirela esan zuten, eta beraz, azken astean atzera egin zieten batzuek eta pisu guztia birengan erori zen. Hala, epaimahaia eskutuan egon zen amaierara arte; Rakel Pujana eta Mikel Consuegra markina-xemeindarrak osatu zuten. “Hau lehenengo urtea izan da, eta hemendik aurrera hobeto antolatzen ahaleginduko gara”, azpimarratu zuten jai batzordekoek.
Epaimahaiak azaldu zuenez, estu ibili ziren bikoteak puntuetan eta erabakia hartzea oso gaitza izan zen. Eurek epaia erabaki bitartean espontaneo bikote bi ere atera ziren oholtzara, jaialdia girotzera.
SARIAK
Xabier Etxaniz eta Ainara Saizar (1500 euro, txapela eta oroigarriak)
Mirari Azkune eta Aintzane Agirrebeña (900 euro eta garaikurra)
Leire Zumeta eta Amaia Arza (600 euro eta garaikurra)
Patxi Aiorga eta Joseba Zabalo (500 euro)
Jose Luis Garmendia Laja II eta Eugenio Gisasola Lutxurdio (450 euro)
Xabier eta Ander Malbadi (300 euro)
Jone Uria eta Julene Otegi (250 euro)
Azken hiru sariak Egoi eta Ainara Petiterentzat, Eneko Dorronsoro eta Mikel Eseberrirentzat eta Ander Blasco eta Jone Uriarentzat izan ziren. Bikote bakoitzak 250 euro jaso zituen jai batzordeko kideen eskutik.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.