Berriatuako Gardotza industrialdeko Azken Ikutu enpresaren aurrean elkarretaratzea egin dute LAB sindikatuko ordezkariek. Enpresak
kimikako hitzarmen kolektiboa betetzen ez duela azaldu dute, eta hura ez dela bakarra. Hala, esan dutenez dagoeneko zenbait salaketa jarri dituzte epaitegietan: “Badakigu gaur egun Azken Ikutu ez dela hitzarmena betetzen ez duen enpresa bakarra; Ibai Aurrez enpresari ere salaketa jarri diogu. Argi utzi nahi dugu ez dugula inola ere gure eskualdean esklabutza egoerarik onartuko. Enpresariek jakin dezatela LABek dituen baliabide eta energia guztiak erabiliko dituela”.
Azken Ikutu enpresako langileek hitzarmenean jasotzen dena baino “600 euro gutxiagoko” soldatak dituztela eta jai egun bezperetan, zubietan etab. langileak kaleratu, eta hurrengo lan egunean berriro altan ematen dituztela zehaztu dute.
Sindikatuaren “presioaren” ondorioz,
enpresak soldatetako irregulartasunak “onartu” dituela esan dute eskualdeko sindikatuko ordezkariek, baina, datorren urterarte ez dituela erregularizatuko adierazi diete enpresaren arduradunek. “Enpresari hauen lotsagabetasunak ez du mugarik; langileei soldatak eta eskubideak lapurtzea da hauen funtzionamendu modua”.
Lea-Artibai eta Busturialdeko LABeko ordezkariek goizean egin dute elkarretaratzea.
Kimika sektorean lan egiten dutenei zuzendu zaizkie LABeko kideak, haien eskubideak betearazteko borrokatu daitezen. Esan dutenez, justiziaz haiena dena lortzen laguntzeko prest daude. Arazo honekin segituz gero, ez dute baztertzen “salaketa judizial edo sozial” gehiago egitea, bai eta beharrezkoak deritzen ekintza sindikalak burutzea ere. “Cikautxo S.Coop-eri eskakizun publikoa egin nahi diogu, mota hauetako enpresetan gertatzen ari dena ez bultzatzeko, hitzarmena betetzen duten enpresekin lan eginda. Honela, denon artean azpikontratetako langileen eskubideak errespetatzen dituen kalitatezko kimikako sektorea lortuz, azpikontrata handiago, indartsuago eta espezializatuagoak izateko”.
Halaber, hainbat enpresetan “aurrera pauso handiak” eta egoera hauekin “bukatzea” lortu dutela azaldu dute, eta horren adibide jarri dute iazko udako Roal enpresako langileen kasua. Haiek “lortutako garaipena” langileen “antolakuntzarekin eta borrokarekin” lortu daitezkeen eskubiden eredu dela uste dute. Hala ere, oraindik egiteko bide luzea dutela nabarmendu dute.