Dominguez bermeotarra Artza frontoian borrokatuko da gauean
Artza frontoiak boxeo olinpikoko hainbat borroka hartuko ditu gaur, 21:00etan hasita (sarrerak 20:00etatik aurrera erosi ahalko dira). Andoni Dominguez Bermeoko boxeolariaren eta Daniel Labroer Zaragozakoaren artekoa gaueko azkena izango da. 74 kilotan...
Dominguez iazko Arrain Azokan borrokatu zen lehenengoz etxeko zaleen aurrean (orduan Andoni Dominguez semeak ere borrokatu zuen). Boxeo jaialdi hark izandako arrakasta ikusita, aurten beste jaialdi bat antolatzea erabaki dute EuskoBox-eko kideek.
Kategoria desberdinetako sei borrokagaz gozatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek. Amaieran, Maider Dominguez bermeotarrak eta Alazne Penoyk entrenamendua egingo dute (bi minutuko hiru borrokaldi).
Lehenengo, junior mailako bi minutuko hiru borrokaldiko bi borroka egongo dira. 51 kiloko Getxoko Antony Guzman eta Burgoseko Endika Gomez boxeolarien arteko norgehiagokagaz hasiko da boxeo ikuskizuna. Jarraian, Ander Blanco getxoztarra eta Michael Marulanda bilbotarra igoko dira Artza frontoiko ring-era (63 kilotan).
Ostean, gazte kategoriako 56 kiloko borrokaren txanda izango da. Getxoko Leo de la Cruzek eta Miranda de Ebroko Osama El-Haddik hiru minutuko hiru borrokaldi egingo dituzte.
Gaueko laugarren eta bosgarren borrokak elite mailakoak izango dira (hiru minutuko hiru borrokaldi). 67,5 kilotan Luis Gonzalez getxoztarra eta Ivan Vigo gasteiztarra ariko dira nor baino nor gehiago. Gaueko azken-aurreko borroka Bilboko Fabricio Meneses eta Burgoseko Adrian Luzarragaren artekoa da.