Indartsu hasi eta amaitu dira jaiak
Beste behin ere, arrakastatsuak izan dira Markina-Xemeingo karmenak. Herri bazkarian errekorra egin da aurten: 2.700 herritar batu dira, iaz baino 250 gehiago. Kontzertuek ere jendetza ekarri dute.Girotsuak eta koloretsuak. Horrelakoxeak izan dira aurt...
Beste behin ere, arrakastatsuak izan dira Markina-Xemeingo karmenak. Herri bazkarian errekorra egin da aurten: 2.700 herritar batu dira, iaz baino 250 gehiago. Kontzertuek ere jendetza ekarri dute.
Girotsuak eta koloretsuak. Horrelakoxeak izan dira aurten ere Markina-Xemeingo Karmen jaiak. Serafin Ibarrak botatako txupinagaz hasi ziren barikuan, eta urtero egin modura, Alarabi erreta amaitu ziren atzo. Hala, lau egunez, Markina-Xemein kolorez eta jai giroz jantzi da.Markina-Xemeinek daukan izaera euskalduna azpimarratuz eta munduan dagoen sufrimendua gogoraraziz eman zien jaiei hasiera Ibarrak. «Ezin ditugu ahaztu ez errefuxiatuak ez eta euskal presoak ere. Azken horiek, gainera, zigor bikoitza betetzen dute: sakabanaketaren ondorioak eta kartzela zigorra», esan zuen.
Markina-Xemein herri euskalduna dela ere gogora ekarri zuen. «Baina ez ahaztu, euskaldun izaten jarraitzeko euskara ahoan eduki behar dugula».
Txupina bota ostean, jai giroak ez du etenik eduki.
Aipatzekoa da Donge, Sociedad Alkoholika eta Huntza taldeek bariku gauean eskainitako kontzertuak jendetza batu zuela; giroa sekulakoa izan zen; txosnetan lanean aritu zirenek ere jende asko egon zela baieztatu dute.
Zer esanik ez Kuadrilla Egunari buruz. Udal ordezkariek azaldu dutenez, inoizkorik parte hartze handiena egon da: 2.700 herritar batu ziren zapatuan Zelaian bazkaltzen, iaz baino 250 gehiago. Eguraldia lagun, eguna sekulako jai giroan ospatu zuten.
Frontoi txikian jokatutako pilota partiduek ere herritarrak erakarri zituzten, eta musikarien kalejirak herriguneko giroa piztu zuen bai goizean zein arratsaldean ere.
Iaz Castellersak bezala, aurten Peraltako erraldoiek eta dultzaineroek sortu dute ikusmina; erraldoi ikaragarriak erabili zituzten dantzan herrian zehar.
Zelaia dantzan
Goiko Portalean Larrain Dantza egin eta gero, jai giroa Zelaian egon zen batez ere Kuadrilla Egunean. Eta bazkalostea Herritxouak girotu zuen. 11 taldek eskaini dute emanaldia aurten, eta beti bezala, musika, umorea eta dantza izan dira protagonistak. Oraingoan ere, Zelaian batutakoak ere dantzan jarri zituzten Abarka antzerki taldekoek.
Dantzak, gainera, ez zuen etenik izan. Mahaiak eta aulkiak batuta, erromerian jarraitu zuten batzuek Zelaian, eta txarangaren atzetik dantzan ibili ziren beste asko alde zaharrean barrena.
Domekan ospatu zuten markina-xemeindarrek egun nagusia, eta urtero legez, Xemein Abesbatzak abestutako mezaren ostean, aurreskua egon zen, Goiko Portalean. Bero handiaren eraginez, Arkupean barik eguerdiko kontzertua Kontzekupean eskaini du aurten Debako bandak. Karmen Egunez ez dira falta izan herri kirolak, zesta partidak, bertso saioa, ez eta mariatxiak ere, eta guztiek izan dute publikoaren erantzun ona.
Jaiak iraun duten bitartean, txistularien kalejiragaz hasi da herria esnatzen egunero, eta atzo ere jairako deia egin zuten herriko txistulariek. Aurten egunero ume eta gaztetxoei begirako ekimenak eskertu badituzte ere, atzo izan zuten euren eguna, eta goizetik gozatu zuten. Zelaiko eta Arkupe aurreko parke eta guneetan ibili ziren gustura, eta zelan ez, Go!azeneko lagunekin lehenengo eta DJ Herrigaz ondoren, dantza eta kanturako daukaten trebetasuna erakutsi zuten.
Markina-Xemeingo Karmen jaietako finalak ere jokatu ziren atzo goizean. Erika eta Denis izan ziren irabazleak benjamin mailan, eta Osoitz eta Atain txikietan.
Mus eta briska txapelketak jokatu ziren arratsaldean, Plazabarripean. 46 bikotek egin zuten briskan eta 47k musean. Beti Jai elkartearen eskutik, girorik ez zen falta izan.