Mijoa errekaren kalitate biologikoa «txarra» dela esan du Ura agentziak
Kalitate helburutik oso urruti dagoela ere jasotzen da Uraren Euskal Agentziak argitaratutako txostenean. Isurketarik egonez gero, salaketak jartzeko eskatu du Eguzki ekologista taldeakUraren Euskal Agentziako Euskal Autonomi Erkidegoko ibaien egoerare...
Kalitate helburutik oso urruti dagoela ere jasotzen da Uraren Euskal Agentziak argitaratutako txostenean. Isurketarik egonez gero, salaketak jartzeko eskatu du Eguzki ekologista taldeak
Uraren Euskal Agentziako Euskal Autonomi Erkidegoko ibaien egoeraren jarraipen-sareak 2016an egindako ikerketaren txostena argitaratu berri du, eta horren arabera, Mutrikuko Mijoa errekaren egoera ekologikoa «txarra» da. Kalifikazio hori 1etik 5era bitartean ibai batek eduki dezakeen egoera ekologiko txarrena da.Bizkai, Araba eta Gipuzkoako ur legediaren arabera, erreka egoera txarrean egotea kalitate helburuaren «ez-betetze larria» da. Helburu horren arabera, Mijoa errekak kalitate onean egon beharko luke, hau da, 1etik 5erako eskala horretan 4ko puntuazioa izan beharko luke.
Eguzki talde ekologistak adierazi duenaren arabera, «ikerketa horrek ez du ez zekiten ezer berririk ondorioztatu», baina garrantzitsua da, Ura agentziaren eskutik datorrelako batetik eta ibaiaren egoera txarra dela esateko adierazle biologikoetan oinarritzen delako bestetik. Gogorarazi dute, «Mijoa, gaur egun, bioaniztasuna itotzen duen estolda hutsa» dela, nahiz eta «Bisoi Europarra Babesteko Plan Bereziaren barruan sartuta dagoen». Azpimarratu dute, herritarrek ere jasaten dituztela Mijoa errekara egite dituzten isurketen ondorioak, «Saturrarango eta Ondarroako hondartzetan nabariak direlako, eta kiratsak, berriz, San Jeronimoko eta Pikupeko bizilagunek pairatu behar izaten dituztelako». Txostenak zehazten duenez, adierazle guztiek agerian utzi dute «kutsadura organikoak eta amonioak» baldintzatutako egoera dela Mijoakoa.
Eguzkik gogora ekarri nahi izan du Gipuzkoan 2007 eta 2011 bitartean hainbat lan hidrauliko egiteko hitzarmen bat sinatu zutela, baina lan horien %75 finantzatu behar zuen Eusko Jaurlaritzak ez duela dirurik ipini, eta, beraz, ezin izan dela aurreikusitakoa burutu.
Etorkizuna
2016an onartutako Plan Hidrologiko berrian berriro aurreikusten da Mijoako saneamendu proiektua gauzatzea, 2016 eta 2021 urte bitarteko epean. Horretarako, 3,6 milioi euroko aurrekontua prestatu zuten. Iazko urrian Mutrikuko Udalak onartutako mozio baten bidez, Eusko Jaurlaritzari eskatu zion 2017ko aurrekontuetan «diru kopuru bat sartzeko» eta Mijoako saneamendu lanei «behingoz ekiteko». Jaurlaritzak, ordea, ez du lanik hasi momentuz.
Eguzki talde ekologistak gogora ekarri du udan Mijoa errekak «isurketa kutsatzaile latzak pairatu ohi dituela»; Iaz, adibidez, «oso isurketa ikusgarriak» gertatu ziren uztailaren 20an eta 24an. Horren harira, erakundeei eta herritarrei dei egin die adi egotera ea isurketaren bat gertatzen den, eta hala gertatuz gero, salaketa jartzera.