Jon Maiaren 'Ele! Lorca-Lauaxeta' ikuskizuna dator Markina-Xemeingo Uhagon kulturgunera
Jon Maiak eta Josu Kamarak sortutako ELE! Lauaxeta-Lorca emanaldiaz gozatzeko aukera egongo da zapatuan [uztailak 22] 20:30ean, Uhagoneko terrazan, doan. Olerki, musika eta dantzaren bidez, Lauaxeta eta Lorcaren bizitza, obra eta heriotza bidegabea ezagutzera ematen ditu obrak.
Lau artista handiren eskurik dator emanaldia: Jon Maia, narratzailea, Ana Salazar, ahotsa eta dantza, Gorka Hermosa, akordeoia, Jesus Prieto Pitti, gitarra.
Lauaxeta eta Lorca bi idazle, poeta ikoniko dira bere kulturetan. Bi figura handi hauei heriotza modu berean etorri zitzaien, biak urte beteko aldean fusilatuak izan ziren diktaduraren hastapenetan. Biak gazte, biak hil ziren askatasunaren borrokan.
Bata Andaluziako lurretan jaio zen poeta errepublikarra izan zen, bestea euskal lurrean jaiotako poeta abertzalea. Bi muturretako ertzak badirudite ere, bien bizitzak gurutzatu egin zirela inork gutxi dakiela diote egileek, eta beraz, bi poeten lanaren hariaren gidaritzapean, hitzak, musika, irudiak eta antzerkia erabili dituzte obra honetan hain desberdinak diruditen kulturek eta herriek, poesiaren eta artearen bidez, bizitzaren balore sakonetan bat egin dezaketela adierazteko.
Emanaldia, kontzertu errezitatibo formatuan izango dela azaldu dute Uhagon kulturguneko arduradunek.