Atzo arratsaldean Berriatuan dagoen Cikautxo enpresan batu ziren Ondarroa Arraun Elkarteko, Isuntzako eta Lea-Artibaiko traineruak eta arraunlariak. Helburua, arraun elkarteek enpresarekin hiru urterako sinatu zuten hitzarmena dela eta aurtengo denboraldian izango duten babesa aurkeztea zen.
Lea-Artibai eskualdeko hiru traineruak, Cikautxo aurrean.
Traineruez eta arraunlariez gain, bi taldeetako presidenteak ere egon ziren ekitaldian, Cikautxoko ordezkari Gotzon Juaristigaz batera. Bi presidenteek, enpresak emandako babesa zelako garrantzitsua izan den azpimarratu zuten: “akordioa benetan bikaina izan da, eta laguntza handia suposatu digu”, azaldu zuen Gorka Elordi Ondarroa Arraun Elkarteko presidenteak. Nabarmendu zuen, KAE ligara igo izanak aurrekontua handitu behar izatea eragin zuela, eta zati handi batean Cikautxoren laguntzari esker lortu dutela aurrekontu horri aurre egitea. Isuntzako presidente Santi Zumaranen hitzak ere ildo beretik joan ziren. Akordioa sinatzea bi klubentzat oso garrantzitsua izan dela aitortu zuen, eta “zer esanik ez bi klubetako neskek parte hartzen duten Lea-Artibai traineruarentzat”.
Bi taldeetako presidenteek, Lea-Artibaiko jantzia oparitu zioten Cikautxo enpresari, eskertza modura.
Elordi, Juaristi eta Zumaran, opariagaz.
Asteburua. Asteburuan bi jardunaldi egongo dira TKE, KAE-1 eta KAE-2 ligetan, eta bakarra emakumeen Gipuzkoako Ligan. TKEkoak Santanderren arituko dira zapatuan 18:00etan eta Pasaian domekan, 12:00etan. KAE-1ean bi jardunalditara jokatuko dituzte asteburuko estropadak. PedreƱan (Kantabria) 15:45ean izango da zapatuko estropada eta ordu bete beranduago domekakoa. KAE-2 ligan Pasaian arituko dira zapatuan, 17:00etan, eta domekan berriz Mutrikuko uretan arituko dira 11:30etatik aurrera. Neskei dagokienez, Gipuzkoako Ligak jardunaldi bakar bat izango du asteburu honetan; zapatuan 18:30etan Pasaian.