Zenbait herritarrek Ondarroan azkenaldian hainbat lapurreta gertatu direla salatu dute. HITZA-k jakin ahal izan duenez, azken egunotan
hainbat gazte lokaletatik eta garajetatik ostu dituzte gauzak. Iragan astean, esaterako,
Artibai kaleko gazte lokal batean sartu eta bideojoko makina eta jokoak eta dirua lapurtu zituzten. Aste honetan ere lapurretak egon direla salatu dute.
Abuztu hasieran Artibai egoitzako langileen armairuetan eta udal langileek erabiltzen dituzten hainbat lokaletan ere lapurretak egin zituzten, kasu batzuetan, gainera, sarraila indarrez irekita. Udalak jakitera eman zuenez, salaketa bi jarri ziren orduan hainbat lapurretarengatik. Andra Mari jaien bezperetan ere Kofradia Zaharreko eraikinean euren lokalak dituzten zenbait elkartek ere lapurretak jasan zituzten, kasu honetan ateen zati bat ostikoz apurtuta.
Ez da lehen aldia herritarrek lapurretak jasan izana salatzen dutena. Duela bi urte, esaterako,
hainbat herritarrek eta merkatarik elkarretaratze bat egin zuten lau hilabete eskasetan 40 lapurreta edota lapurreta saiakera zenbatu izanagatik.
Orduan egin bezala, oraingoan ere herritarrek
segurtasuna gehitzeko eskaera egin diete erakundeei, herrian geroz eta kaltetu gehiago daudelako.