Leartibai Garapen Agentziak
Lea Artibaiko I. Informazio eta Komunikazio Teknologien Astea antolatu du, Enpresa Digitalarekin elkarlanean.
Lea Artibaiko enpresei formakuntza tailer batzuk eskaintzea dute helburu, IKTek duten garrantzia azpimarratzeko eta horien
erabilpena bultzatzeko. Era berean, herritarrek ere parte hartu dezaketela jakitera eman dute. Zehaztu dutenez, izena edozeinek eman dezake, baina,
eskualdeko enpresetako kideek daukate lehentasuna. “Ikastaro hauek eskualdeko autonomo, direktibo eta profesionalei zuzenduta daude, eta baita merkatari, ikasle, langabetu eta orrokorrean herritar guztiei ere”.
Parte hartu gura dutenek Leartibai Garapen Agentzian
izena eman behar dute, 94-683 34 95 telefono zenbakira deituta edo emailez:
blarrinaga@leartibai.com edo
merkataritza@leartibai.com.
Irailaren 25tik 29ra burutuko dituzte ikastaroak. Zehatz esateko, doako zortzi tailer ezberdin eskainiko dituzte, enpresetan aurki daitezken sail ezberdinen beharrei erantzuteko bideratuta, eta, baita, enpresetan teknologia berrien aplikazioak eta hauen erabilerak sor ditzaketen arazo eta egoera ezberdinei aurre nola egin erantzuteko bideratuta ere.
“Enpresa batzuek teknologia berriak ezagutu eta erabiltzen dituzte, baina, beste batzuek, ostera ez, eta horiek erabiltzera bultzatu nahi ditugu, sarean egoteak haientzat dakartzan onurez jabetzeko”.
Tailerrak
Lekeitio eta Ondarroako KZguneetan eta Markina Xemeingo Lea Artibai Berrikuntza Guneko ordenagailu gelan emango dituzte.
Orduak eta lekuak. Ordutegiari dagokionez, hiru multzotan banatu dituzte. 09:00etatik 13:00etara mikroenpresei zuzendutako ikastaroak emango dituzte, 14:30etik 16:30era merkatarien saioak izango dira (mikroenpresetakoek ere parte hartu ahal dute), eta azkenik, 18:00etatik 20:00etara herritarrei zuzendutako tailerrak emango dituzte.
Goizeko saioak Lekeitio eta Ondarroako KZguneetan eta Markina Xemeingo Lea Artibai Berrikuntza Gunean izango dira; eguerdietakoak Lea Artibai Berrikuntza Gunean, eta arratsaldetakoak Ondarroa eta Lekeitioko KZ Guneetan.
-MIKROENPRESENTZAKO IKASTAROAK (09:00-13:00):
- Irailak 25 (Markina-Xemein): Baliabide gutxiko mikroenpresak, nola lortu doako presentzia izatea Interneten (sarean presentzia lortzeko erremintak).
- Irailak 26 (Ondarroa): Tokiko Seo (lortu bezeroak zure enpresa aurkitzea).
- Irailak 27 (Lekeitio): Produktibitate pertsonaleko tailerra (duzun denbora modu produktiboan aprobetxatzen hasi).
- Irailak 28 (Ondarroa): Inbound marketing (gehiago eta hobeto saldu).
- Irailak 29 (Lekeitio): Zaindu zure lehiakideak eta ezagutu zure merkatuak.
-MERKATARIENTZAKO IKASTAROAK (14:30-16:30):
- Irailaren 25etik 28ra (Markina-Xemein): Learn by doing. Negozioaren irudia eta marka: Eginez ikasi (Internet bezero berri askorentzat lehen inpresioa da. Ikasi zure irudia kudeatzen).
-HERRITARRENTZAKO IKASTAROAK (18:00-20:00):
- Irailak 26 (Ondarroa): Eguneratu zure burua teknologian (Internetek eskaintzen dituen baliabideak ezagutu, erabat eguneratuta egoteko).
- Irailak 27 (Lekeitio): Oinarrizko segurtasun informatikoa etxean (Zer egin dezakegu babesteko? Zer da ziber krimena? Ikasi nola babestu).