Ondarroako Txapel Eguna, euripean baina alai eta umoretsu
[zuzenean ARGAZKI GALERIA ikusi]
Txapelari ongietorria egiteko ekitaldia Antzosolon hasi da, bertan sortu baitzen Zubi Zahar herri ikastola duela 50 urte, eta Alde Zaharretik zehar joan dira kalejiran Alamedaraino, musikariek lagunduta. Txapel erraldoia omenduek eramaten dute urtero, eta aurten Zubi Zahar herri ikastolako ordezkariei egotu zaie ohorea, sortu zeneko 50. urteurrena ospatzen dutelako. Ikasle ohi, guraso eta irakasleen artean eraman dute. Alamedara iritsi direnean, 13:30ak inguruan, hasi da aurkezpen ekitaldia. Bertsutan, Ondarroako Bertso Eskolako kideak izan dira protagonista, eta eurek alaitu dute eguerdia. Ikastolaren hastapenetik hasi eta gaur egunerainoko bilakaeraren errepasoa egin dute bertsotan. 14:30etan lagun asko jarri dira Alamedan bazkaltzen, herri bazkarian; marmitako jana egin dute.[zuzenean ARGAZKI GALERIA ikusi]
Bazkalostean, haurrentzako ekintza ezberdin bi antolatu dituzte. Musika plaza neska-mutil txikienek hartuko dute, Bat, bi hiru izeneko festan parte hartzeko, aurpegiak margotuz eta dantzan eginez besteak beste. 8 urtetik gorakoentzako aldiz, gynkama egongo da Itsasaurren. Eguraldiak laguntzen ez badu, aldaketak egon litezkeela adierazi dute antolatzaileek. Arratsaldean, jende andana biltzen duen txapel jaurtiketa egingo dute Alamedan. Haurrena egiten duten bigarren aldia izango da, eta 17:30etan hasiko da, eta helduena berriz, hirugarrena, 18:00etan. Txapelketa hauen ostean Gaitzerdi taldearen erromeria, Dzaust! Talde markina-xemeindarraren kontzertua eta Dj Elepuntok girotuko dute iluntze-gaua.