Eguraldiak lagundu ez dien arren, bariku iluntzetik domeka arratsaldera arte jaiak ez du etenik eduki Samikolla auzoan. Ez zen ekintza bat ere bertan behera geratu, antolakuntzak jaia aurrera eramateko jarritako indarrarengatik gehienbat. Antolatzaileek “oso balorazio positiboa” egin dute, eta jendearen erantzuna ere “bikaina” izan zela azpimarratu dute.
Zapatu goizeko erraldoi eta buruhandien kalejira moldatu egin behar izan zuten, euripean ezin baitziren aritu. Goiko Plazatik Samikollarainoko kalejira txistulariek bakarrik egin zuten. Puzgarrientzako ere estalpea aurkitu zuten, eta haurrek ondo pasatzeko euren txokoa ere eduki zuten.
Auzotarrak, zapatu eguerdiko bazkarian. Argazkia: Samikollako Jai Batzordea
Auzo bazkaria 14:30erako zeukaten programatuta, eta goizean auzotarrek egin zuten lanari esker egin ahal izan zen. Guztien artean plaza estali zuten, eta toldopean egin zuten bazkaria. Iluntzean,
Igor Elortza eta
Jon Maia bertsolariek euren maila erakutsi eta gustura utzi zituzten bertaratutako herritarrak.
Kontzertuek ere aurreikuspenak bete zituzten, eta ikusleak pozik geratu ziren Etsaiakeroak taldearen eta Ezten Giro taldearen erromeriarekin. Lehenengoek “gau ederra” izan zela aitortu zuten sare sozialen bidez, eta eskerrak eman nahi izan zizkieten bertaratutakoei.
Omenduak. Aurtengo omenduak auzotar bi izan dira: Benjamin eta Maria Angeles. Antolatzaileen esanetan, auzoan oso ezaguna den bikotea da, eta “barruan daramaten gaztetasunarengatik” omendu dituzte.
Zozketako zenbaki sarituak hauek izan ziren:
1.saria 2.027 zenbakiarentzat izan zen (ordezkoa, 2.601),
bigarrena 1.417 zenbakiarentzat (ordezkoa, 3.718) eta
hirugarrena 1.889arentzat (ordezkoa, 1.791). Lehen saria 150 euroko Bertan Bonoa zen, herriko dendetan gastatzeko, bigarrena 2 lagunentzako afaria eta hirugarrena herriko produktuez osatutako otarra.
Batzordeko kideak pozik geratu dira jaiek bilakaerarekin, eta “sasi guztien gainetik eta laino guztien azpitik jai bikainak antolatu eta gozatu” dituztela nabarmendu dute.
Auzotarrak, atzoko brindisean. Argazkia: Samikollako Jai Batzordea.