Mutrikuko Galbaixo jaiak direla eta, errepideetan zenbait mozketa eta aldaketa egongo dira
Mutrikuko udaltzaingoak jakitera eman duenez, bihar [irailak 14] Galbaixo Eguna dela eta, Maixaneko bidea 13:50 aldera itxi egingo dute eta baita Baldomin baserrira doan igarobidea ere. Galbaixora igoko den jendetza ikusirik, bertatik irtetzeko Olatzeko bidea hartzeko edo Astigarribiatik jaisteko aholkatu dute.
Aldaketa horiez gain, Mutrikuko sarrerako biribilgunetik Galbaixora doan errepidea ere arratsaldeko tarte batean itxita egongo dela gaineratu dute. Azken momentura arte ez dutela itxiko azpimarratu dute, baina gutxi gorabehera 13:30etatik 17:00ak pasatxora arte itxita egongo dela aurreikusten dute.
Urtero urtero biharko egunean Galbaixora igotzen den jende pila ikusita, udalak autobus zerbitzu berezia jarriko du biharko. Etengabe ariko da autobusa Mutrikuko biribilgunetik Galbaixorako bidea egiten. Zerbitzua erabili nahi dutenek 50 zentimo ordaindu beharko dituzte.
Sokamuturra. Mutrikuko Udalak jakinarazi duenez, Galbaixo jaietan egingo diren sokamuturretan parte hartzea debekatuta daukate 16 urtetik beherakoek, eta zerbait gertatuz gero udala ez da gertatutakoaren erantzule egiten.