'Motxilak gora!' bideoklipa grabatu dute Saturraranen
Gurasoak espetxean dituzten ume, nerabe eta gazteen egoera bistaratzea du helburu bideoak. Sarek bultzatuta egin dira abestia eta bideokliparen grabaketaGurasoak espetxean dituzten ume, nerabe eta gazteek bizi duten errealitatea bistaratzeko helburuaga...
Gurasoak espetxean dituzten ume, nerabe eta gazteen egoera bistaratzea du helburu bideoak. Sarek bultzatuta egin dira abestia eta bideokliparen grabaketa
Gurasoak espetxean dituzten ume, nerabe eta gazteek bizi duten errealitatea bistaratzeko helburuagaz, Sarek Motxilak gora! abestia egin du. Eta abesti horren bideoklipa Mutrikuko Saturraran hondartzan grabatu zuten domekan. Grabaketa saioan euskal presoen seme-alabak izan ziren protagonista, tartean Lea-Artibaiko presoenak.Bideoklipa Saturraranen grabatzearen arrazoiak ere agertu ditu Sarek. «Saturraranen emakumeen espetxe bat egon zen 1937 eta 1944 urteen bitartean. Aurrez hotel bat zena emakumeen espetxe bilakatu zuen Francok. Bi mila emakume egon ziren bertan, asko umeekin. Bizi baldintzak ezin okerragoak ziren, eta ondorioz, 177 emakume eta haur hil ziren».
Hain zuzen ere, kartzela eta haurrak binomioa ez zela Saturrarango kartzela horregaz amaitu gaineratu dute. «Modu isilean eraman nahi izan bada ere, herri honetan ume asko jaiotzen dira espainiar eta frantziar espetxeetan. Eta, beste askok gurasoak bisitatzen pasatzen dute bizitza. Ezkutatu egin nahi den errealitate bat da».
Bideoklipean iragan iluna irudikatu nahi izan dute lehendabizi. Eta zergati horren inguruko azalpenak eman ditu Ekai Prieto 23 urteko gazte bilbotarrak. 11 hilabete zituela bere aita atxilotu zuten, eta 22 urte daramatza aita bisitatzeko A Coruñara bidaiatzen. «Iraganean, motxiladun ume eta nerabeok gurasoen gabeziagaz eta hutsuneagaz bizi izan gara».
«Etorkizun koloretsua»
Iragan ilun horretatik abiatuta, etorkizuna modu koloretsuan irudikatu nahi dutela diote. Eta hala egin dute bideoklipean ere. «Horrela irudikatzen baitugu motxiladun ume eta nerabeek etorkizuna, kolore argiz eta biziz. Koloreak askatzeko garaia da. Motxilak airera botatzekoa».
Gaur egun ere motxiladun umeak asko direla esan eta horien eskubideen alde etorkizun koloretsu hori orain hasi behar dela eraikitzen dio Prietok. «Orain behar ditugu ama eta aita etxean, ez 30 urte barru. Nik 23 urte ditut. Aitarik gabe igaro dut haurtzaroa, eta horrela jarraitzen dut gaur egun ere. Umeek zoriontsu izatea merezi dute. Ez dute inolako deliturik egin».