Lekeitioko Udalak San Antolin jaien balantzea egin du. Ekintzek herritarren aldetik “
erantzun bikaina” izan dutela eta, oro har, “
jendetsuak” izan direla esan dute.
Lehenbizi Jai Batzordeko kideak zoriondu nahi izan ditu udalak, “2017ko San Antolinetarako prestatutako egitarauagatik eta izan duen arrakastagatik”. Gogoan izan dituzte bai eta ekintzak aurrera eramatea posible egin duten kuadrilla, boluntario, talde eta udal langileak ere.
Plaza jendez beteta Bajada Egunean.
Egitarauko ekitaldiei dagokionez,
irailaren 1eko jaitsierarako herritarrek mozorroak prestatzen emandako denbora eta goizetik jarri zuten giro ona azpimarratu ditu udalak. Kirol ekintzek ere harrera ona izan dutela gaineratu dute. “Aurten
herri kirolak berreskuratu dira arrakasta handiarekin”. Irailaren 2ko su artifizialak ere gustukoak izan zirela azaldu du udalak, eta paella txapelketak eta musikak plaza bete dutela nabarmendu du.
Antzar Egunean emakume harrapatzaileen presentzia aregotzen doala ere azpimarratu du udalak. “Aurten 20 izan dira antzar jokoan harrapatzaile, joan den urtean baino 3 gehiago”. Aldi berean, antzartek antzar mekanikoen erabilerak ere gorantz egin du. “2015ean 84 potinetik 19 potinek aukeratu zuten Antzartek, 2016an 85 potinetik 32 potin joan ziren Antzartek harrapatzera eta aurten, ostera, 82 potin partehartzailetik 35 potinek aukeratu dute Antzartek: lekittarrak 22, eskualdekoak 2 eta 11 kanpotarrak”.
Antzar egunean gertatutako sexu erasoak adi-adi egotera eta aktiboki lan egitera eraman behar gaitu
Jendetsuenak izan diren egunetan gertatzen diren gertakarietatik aparte eta 2016ko datuekin alderatuz, salaketa kopurua erdira jaitsi bada ere, jaietako alde “gaitzesgarriena”
eraso sexista izan dela esan dute.
“Ez da bistatik kendu behar emakumeen kontrako indarkeria eguneroko bizitzan sarri gertatzen dela, eremu pribatuan zein publikoan, urte osoan zehar. Estrukturazkoa den arazo honi aurre egin beharra dago denon artean. Antzar egunean gertatutako sexu erasoak adi-adi egotera eta aktiboki lan egitera eraman behar gaitu”.
Gertakari honen aurrean Lekeitioko herriak erakutsitako jarrera ere azpimarratu dute. “Argi esan zuen irailaren 7an plazan egin zen elkarretaratze jendetsuan aski dela! ” Herritarrak eta kanpotik etorri direnak eraso sexistei planto egiteko jarrera aktiboa izan dutela ikusi du udalak. Izan ere, emakumeenganako beste bi eraso ere egon ziren, eta erasotzaileak kanporatuak izan ziren txosna gunetik eta plazatik.
Pertsona bakarra eraman zen urgentziaz ospitalera eta zorionez egun batzuetara alta eman zioten
Segurtasuna kontuan hartuta, SOS DEIAKek, guztira,
32 esku-hartze egin zituen jaietako zortzi egunetan, horietatik hamar irailaren 6an. “Esku-hartze gehienak istripuengatik izan dira: erortzeak, kolpeak eta zauriak”. Bestalde, Antzar Egunean Gurutz Gorriko
39 boluntario egon ziren lanean portuan. “Guztira, 33 pertsona artatu zituen Gurutz Gorriak: 7 adingabeko eta gainontzekoak adin nagusikoak. Esku-hartze gehienak erorketak, golpeak eta zauriengatik izan ziren. Pertsona bakarra eraman zen urgentziaz ospitalera eta zorionez egun batzuetara alta eman zioten”.
11.000 bidaiarik erabili zuten Bizkaibusa Antzar Egunean
Trafiko pilaketak ekiditeko Bizkaibusek Antzar Egunean emandako zerbitzuak iaz baino
erabiltzaile gehiago izan dituela jakitera eman du udalak, %17 hain zuzen. “32 autobus erabili zituen eta 65 langile mobilizatu ziren; 11.000 bidaiari egon ziren guztira”.
Kaleko garbitasunari dagokionez, guztira jaietan
17.240 kilo zabor batu direla azaldu dute, eta antzar egunean batu zen zabor kopuru handiena: 6.160 kilo.