'Oholetik ahalera', 50 urtez bizi
Zubi Zahar herri ikastolak 50 urte betetzen ditu aurten, eta hori ospatzeko urte guztirako ekintzak antolatu dituzte. Hasita daude mende erdia ospatzen.1966 ko udazkena zen ikastolak bere lehen urratsa egin zuenean. Bide luze orok dauka lekuren batetik...
Zubi Zahar herri ikastolak 50 urte betetzen ditu aurten, eta hori ospatzeko urte guztirako ekintzak antolatu dituzte. Hasita daude mende erdia ospatzen.
1966 ko udazkena zen ikastolak bere lehen urratsa egin zuenean. Bide luze orok dauka lekuren batetik hasi beharra, eta Zubi Zahar herri ikastolaren lehen urratsa Kresalako Lengua Vasca atalaren babespean eman zen, Jesus Atxa euskaltzalearen gidaritzapean. Sagasta tabernan egin zen batzar batean jarri zuten zenbait herritarrek bidea egiteko lehen harria. Hasierako apustu arriskutsu hura egin zutenetako batzuk dira Lorea eta Jose Angel Anakabe, Guruzne Aranbarri, Antonio Argoitia, Miren Arrasate, Sabin Ibaibarriaga, Imanol Oruemazaga, Juan Rementeria, Agurtzane Solabarrieta eta Edur Zabala.Beraiek ereindako hazitik ernaldu da 50 urte betetzen ari den zuhaitza. Enbor sendokoa, Oholak ematetik izaera ematera igaro dena.
Antzosolon hasi zen ikastola, 36 ume eta beste hainbeste oholekin. Euskarazko irakaskuntzaren hasiera ez ezik, egiteko modu eta eredu baten hasiera ere izan zen.
Joxe Mari Urteaga idazle eta irakasleak aurkezpen ekitaldirako idatzita utzi zuen bezala, ikastola sendo joan da hazten, «tartean zailtasun eta une estu asko, zalantzak eta erabaki beharrak, ikuspegi desberdinak, lan eta eginbehar ugari. Lantzean behingo ekaitzak eta hego-haizeak tarteko, fruituaren pisua nabaritu dute adarrek». Baina horren guztiaren atzean badago gizon eta emakumerik; badago ilusiorik, minik, gaitasunik, eta batez ere, lanik.
Ibilbidea
Ibilbidean, hainbat egoitza eduki ditu ikastolak. 1967tik 1969ra Antzosolon kokatu zen ikastola. Azaroaren 20an hasi zuten ikasturtea 2 eta 4 urte bitarteko hamahiru umek. 1969an Kresalako egoitzara lekualdatu zen ikastola. Zenbait aldaketa egin zituzten egoitzan, eta mahaiak eta aulkiak erosi Usansolon. Ez zen bide erraza izaten ari. Inbertsioa babestu ahal izateko, Inmobiliaria Arranondo deituriko elkarte anonimoa sortu zen, 2.000 pezetako 500 akzio banatuta. Hori gutxi ez, eta Xaxi alkateak balkoian Espainiako bandera jartzera ere derrigortu zuen ikastola. 1970ean Kofradiaren eraikineko etapa hasi zen. Orduan Kofradiako presidentea zen Txo- min San Martinek urtean 500 pezetako errenta sinbolikoaren truke Anaitasuna tabernaren ondoko eskaileretatik igotako gela utzi zion ikastolari. Orduan hartu zuen ikastolak gaur egun duen izena, Zubi Zaharraren ondoan zegoelako, hain zuzen ere. 1979an hasi ziren gaur egungo eraikinaren lehen urratsak.
Ikastolak betidanik eduki izan du kulturagaz eta kirolagaz lotura berezia, herria oinarri. Ezin aipatu barik utzi ikastolaren pedagogian euskal kantugintzak eduki duen eta daukan garrantzia. Antzerkigintzak eta inauteriek betidanik ikastolan eduki duten garrantzia, baita azken horiek ospatzea debekatuta zegoenean ere! Edota kirolak egin duen ekarpena: Naberanek antolatutako atletismo taldea, 1995ean nesken futbol taldeak Jabier Urkiri Kubillo-gaz lortutako txapela, nesken saskibaloi taldearen sari ugariak…
Zubi Zahar herri ikastolak betidanik eduki izan duen bereizgarrietako bat gurasoen parte hartzea izan da. Eta ez dago urrunera joan beharrik ikusteko zenbat guraso eta guraso ohi egon ziren irailaren 8an ikastolako jolas tokian egindako aurkezpen ekitaldian. Eurak izan ziren ikastola sortu zutenak, beste herritar batzuekin batera, makina bat lan eginda, hamaika buru- hauste gaindituz eta era guztietako mehatxuei aurre eginez. «Herritik eta herriarentzat sortu izate horrek bihurtzen du herri ikastola», esan zuten orduan. Herritik sortu zen herriko jendeak sortu zuelako, baina herriarentzat jaio zela ere argi uzten du urtero Ondarroarentzat antolatzen dituzten ekitaldietan: Olentzero, Santomas, inauteriak, Txapel Eguna, Kirol Astea… Ikastolako egunerokotasunaz gain herriari ere eskaintza zabala egiten dio ikastolak.
Etorkizuna
Aurkezpen ekitaldia baliatu zuen Zubi Zahar herri ikastolak bidaia amaitu ez dela gogoratzeko. Herritarrak gonbidatu zituzten eurekin batera bidaia honetan murgiltzera. Zorionak zuri abestuz jarri zituzten martxan urteurrenaren ospakizunak, eta aipamen berezia egin nahi izan zieten hasierako urratsak eman zituzten ikasle ohiei.
2017an, ikastolak lehengo lepotik du burua: «Landatu zuten ametsaren enborra sendo hazi da, sustrai indartsuz». Eraikin berria egitean argitaratutako dossier batean zioen bezala, «Euskal Herria, bai historiaz bai borrokaz nazio bat izan eta den ezkero, bere nazio kontzientzia berpizten eta sendotzen ari da. Prozesu horretan, herriak sortu duen ikastola honek euskalduntasunaren kontzientzi hura haur eta herriaren gain indartzeko beharra du». 50. urteurrenean ere berdin dihardu.