San Antolin jaietako ekintzak jendetsuak izan direla adierazi du udalak
Jaietako balantzea egin dute. Herritarren aldetik erantzun ona egon dela nabarmendu dute. Jaietako gertakaririk gaitzesgarriena sexu erasoa izan dela azpimarratu duteLekeitioko Udalak San Antolin jaien balantzea egin du. Ekintzek herritarren aldetik er...
Jaietako balantzea egin dute. Herritarren aldetik erantzun ona egon dela nabarmendu dute. Jaietako gertakaririk gaitzesgarriena sexu erasoa izan dela azpimarratu dute
Lekeitioko Udalak San Antolin jaien balantzea egin du. Ekintzek herritarren aldetik erantzun bikaina izan dutela eta, oro har, jendetsuak izan direla esan dute.Lehenbizi Jai Batzordeko kideak zoriondu nahi izan ditu udalak, «2017ko sanantolinetarako prestatutako egitarauagatik eta izan duen arrakastagatik». Gogoan izan dituzte bai eta ere ekintzak aurrera eramatea posible egin duten kuadrilla, boluntario, talde eta udal langileak.
Egitarauko ekitaldiei dagokienez, irailaren 1eko jaitsierarako herritarrek mozorroak prestatzen emandako denbora eta goizetik jarri zuten giro ona azpimarratu ditu udalak. Kirol ekintzek ere harrera ona izan dutela gaineratu dute, eta irailaren 2ko su artifizialak ere gustukoak izan zirela azaldu du. Paella txapelketak eta musikak plaza bete dutela nabarmendu dute.
Bestalde, Antzar Egunean, emakume harrapatzaileen presentzia aregotzen doala ere azpimarratu du udalak. «Aurten 20 izan dira antzar jokoan harrapatzaile, joan den urtean baino hiru gehiago». Aldi berean, antzartek antzar mekanikoen erabilerak ere gorantz egin du. «2015ean 84 potinetik 19 potinek aukeratu zuten Antzartek, 2016an 85 potinetik 32k eta aurten, ostera, 82 potin parte hartzailetik 35ek».
Erasoen aurrean aktibo
Jendetsuenak izan diren egunetan gertatzen diren gertakarietatik aparte eta 2016ko datuekin alderatuz, salaketa kopurua erdira jaitsi bada ere, jaietako alde «gaitzesgarriena» eraso sexista izan dela esan dute. «Ez da bistatik kendu behar emakumeen kontrako indarkeria eguneroko bizitzan sarri gertatzen dela, eremu pribatuan zein publikoan, urte osoan. Egiturazkoa den arazo honi aurre egin beharra dago denon artean. Antzar Egunean gertatutako sexu erasoak adi-adi egotera eta aktiboki lan egitera eraman behar gaitu».
Gertakari horren aurrean Lekeitioko herriak erakutsitako jarrera ere azpimarratu dute. «Argi esan zuen aski dela!». Gainera, herritarrak eta kanpotik etorri direnak eraso sexistei planto egiteko jarrera aktiboa izan dutela ikusi du udalak. Izan ere, emakumeenganako beste bi eraso ere egon ziren, eta erasotzaileak kanporatuak izan ziren txosna gunetik eta plazatik.
Segurtasuna kontuan hartuta, SOS Deiak 32 esku-hartze egin zituen jaietako zortzi egunetan, horietatik hamar irailaren 6an. «Esku-hartze gehienak istripuengatik izan dira: erorketak, kolpeak eta zauriak». Bestalde, Antzar Egunean Gurutze Gorriko 39 boluntario egon ziren lanean portuan. «Guztira, 33 pertsona artatu zituzten. Pertsona bakarra eraman zuten urgentziaz ospitalera, eta, zorionez, egun batzuetara alta eman zioten».
Bizkaibusek Antzar Egunean emandako zerbitzuak iaz baino erabiltzaile gehiago izan dituela ere jakitera eman du udalak, %17, hain zuzen. «11.000 bidaiari egon ziren guztira».
Eta kaleko garbitasunari dagokionez, guztira jaietan 17.240 kilo zabor batu direla azaldu dute. Antzar Egunean batu zen zabor kopururik handiena: 6.160 kilo izan ziren.