Helduen abesbatza sortzeko egitasmoa dauka esku artean Lekeitioko Musikaia Musika Eskolak. Azaldu dutenez, iazko udazkenean parte hartu zuten proiektu batetik sortu da interesa, eta taldea osatu eta urriaren erdian martxan asteko asmoa daukatela jakitera eman du Oihana Etxabe eskolako zuzendariak.
Musika eskolari eskualdeko proiektu batean parte hartzeko eskaria iritsi zitzaion iaz, eta mezua herrira zabaldu ondoren 40-50 lagun inguru elkartu ziren proiektuan abesbatza gisa parte hartzeko. «Baina proiektua bukatu zenean abesbatzarekin jarraitzeko gogoa gelditu zitzaien bertoko partaide askori», azaldu du Etxabek. Hori dela eta, ikasturte berriagaz batera, abesbatza horri forma eman eta abesbatza formalizatzeko asmoa dutela adierazi du.
Axular Arizmendi musikari eta ekoizle mutrikuarrak iaz sortutako proiektua. Lekeitioko Ikusgarri zineman egindako grabaketa. Argazkia: Akelarre ikus-entzunezkoak
Bilera. Abesbatzaren nondik norakoak erabakitzeko, entsegu egunak antolatzeko eta oro har, abesbatzaren bidea zehazteko, bilera bat antolatu du musika eskolak. Bilera,
eguenean [urriak 5] egingo da,
20:00etan, kultur etxeko
Azkue aretoan.
Musika eskolako arduradunek herri osora zabaldu nahi izan du deialdia, iazko taldekideez gain ekimenean parte hartzeko gogoa izan dezaketen herritar guztiek aukera izateko. Guztiak
ongietorriak izango direla azpimarratu du.