2016-2017 ikasturtean euskalduntze ikastaroetara joan diren Markina-Xemeingo bizilagunak diruz lagunduko ditu udalak. Adierazi dutenez, Markina-Xemeingo Udalak oso garrantzitsua deritzo helduen euskalduntzean eta alfabetatzean eragiteari, eta horregatik, aurrekontu partida bat ezarri dute horretarako.
Diru laguntza horren onuradun izango dira Markina-Xemeinen erroldatuta egon eta euskara ikastaroak HABEk homologatutako edozein euskaltegitan egin dituztenak edo egiten ari direnak. Onuradun izateko hala ere,
baldintza batzuk bete behar dira: ikastaro osoko asistentzia %80 edo altuagoa izatea, ikasturte edo ikastaroan baja ez ematea eta aprobetxamendua islatzen duen egiaztagiria dagokion ikaslekuko arduradunak sinatzea.
Egindako
ikasmailaren eta urteko diru sarreren araberako diru laguntzak emango dituzte. Hala, lehen maila egiten dutenek %100 eta %80ko diru laguntza izan dezakete, bigarren maila egiten dutenek %80, %60 edo %40; hirugarren maila egiten dutenek %60, %40 edo %20ko laguntza izango dute eta laugarren maila egiten dutenek %40, %20 eta %10. Diru laguntzak bateragarriak izango dira dena delako erakunde publiko edo pribatuek xede bererako eman ditzaketen bestelako diru laguntzekin.
Eskariak
Udaleko Erregistro Nagusian aurkeztu behar dira udalak horretarako jarriko dituen eskari orrietan. Epea zabalik dago
urriaren 13ra arte.
Baldintza guztiak eta eskaera orria udalaren
webgunean daude eskura.