Lekeitioko Musika Banda, mende bat eta erdi herria musikaz alaitzen

Mende eta erdi darama Lekeitioko Musika Bandak herria musikaz alaitzen. Udal artxibategian dagoen agiri batek dionez, 1867ko udaberrian gazte talde bat udaletxera joan zen musika instrumentuak erosteko laguntza eske, eta urriaren 14an onespena eman zion udalak eskariari. Zorioneko erabaki haren ondorioz, bihar, 150 urteko historia luzea beteko du Lekitto Musika Bandak.

Lehen musika bandaren sortze eguna ezaguna da, ez, ordea, lehenengoz noiz jo zuten eta nortzuk osatzen zuten. Xehetasun horien guztiak Fernando Garateak lortu ditu. Garateak urteak egin ditu bandaren hastapenak aurkitu nahirik paperez paper artxibategi guztiak astintzen. Aurkikuntza horien guztien berri izan zuten lekeitiarrek joan den martitzenean kultur etxean Garateak emandako hitzaldian. Garateak kantuan ere jarri zuen kultur etxeko publikoa; Lekeitioko ereserki Antero Txamarrotia eta Aeroplano bi pasata abestu zituzten bandaren historiako pasarteak entzun bitartean.

Udaleko aktan dionez, 1867an martxoaren 7an joan zen gazte taldea udaletxera diru bila, herrian banda bat sortu asmoz, eta azaroaren 4an diruzainak 240 ezkutu eman zizkion Jose Ventura Ibarrenguengoitia zinegotziari instrumentuak erosteko

Garateak azaldu zuenez, zenbait aurrekarik eragin zuten bandaren sorrera. Jose Jabier Uribarren eta Maria Jesus Agirrebengoak Konpainiako eliza eraberritu zuten 1855 urtean, eta organoa ekarri zuten elizara. Organista Juan Mari Altuna izan zen. «Ikusmen urriko gizona baina talentu handikoa», esan zuen Garateak. Altunak korua sortu zuen, eta 1861ean udalerriko musika irakasle izendatu zuen udalak. Konpainiako elizako koroan jarri zuen musika eskola.

[ASTE MUSIKALARI BURUKO INFORMAZIOA]

Jende gaztea eta musika eskola egonda, hortik zer edo zer atera behar zela argi zegoen. «Hazia ereinda zegoen, eta laster irtengo zuen landareak». Hala, udaleko aktan dionez, 1867an martxoaren 7an joan zen gazte taldea udaletxera diru bila, herrian banda bat sortu asmoz, eta azaroaren 4an diruzainak 240 ezkutu eman zizkion Jose Ventura Ibarrenguengoitia zinegotziari instrumentuak erosteko.

Lehen hamarkadak. 1868an, helduentzako gau eskolak eratu zituzten, eta irakasle bi jarri. Urte berean, Isabel II erregina etorri zen Lekeitiora, eta udalak dirutzak gastatu zituen herria apaintzen. Banda sortu berriari ere harrera egitea tokatu zitzaion.

Erregina joan zenean, Claudio Algorta izendatu zuten Lekeitioko alkate; Garateak azaldu zuenez, ez da ziurra, baina bera izango zen seguruenik bandako lehen zuzendaria ere. 1867 eta 1872ra bitartean aritu zen lanbide horretan.

Fernando Garatea, Lekitto Musika Bandaren inguruko hitzaldia eskaintzen.

Fernando Garatea, Lekitto Musika Bandaren inguruko hitzaldia eskaintzen.

1872-1876 urteen bitartean, Carlistada egon zen. «Ez zegoen bandarik. Segurutik bandako kideak gazteak baziren, denak frontera joan beharko zuten, eta dirurik ere ez zegoen». Banda 1877an hasi zen ostera ere, eta Garateak aurkitutako dokumentuetan Pablo Mujika agertzen da zuzendari. 1879-1880an, Pedro Garamendi da zuzendaria, eta udan ere jotzen hasten da banda.

Bandari egonkortasuna eman ziona, baina, Casimiro Etxeberria izan zen. 1881 eta 1890 urteen artean egon zen zuzendari. Baina 1891n, Andres Aranbarriri eman zioten zuzendariari zegozkion diruak, eta Garateak azaldu zuenez, Etxeberriaren semeak eskutitz bat idatzi zion Rufo Atxurrari egoera azalduz. «Alkatearengana joan zen Casimiro, serenatak jotzeko baimena eskatzera, joten zutenagaz ez zuten-eta nahikoa irabazten. Alkateak ukatu egin zion baimena, eta, kontu egizu, modu txarrean ukatu zion, Etxeberriak dimisioa aurkeztu zuen-eta berehala». Musikariek ere ez jarraitzea erabaki zuten, eta La Independiente izeneko banda sortu zuten. Alkateak herriaren aurrean erantzuteko Andres Aranbarri zuzendari izendatu eta Charanga Lekeitiana banda lortu zuen. La Independienteri Lekeition jotzea galarazi zioten, beraz, ondoko herrietan jotzen zuten arrakasta handiz. Tarte horretan (1891-1900), sormenerako grin handia izan zuen Etxeberriak, eta orduan sortu zen Estudiantina ere.

[ASTE MUSIKALARI BURUKO INFORMAZIOA]

1900ean, Aranbarriri abisua eman zion udalak instrumentu guztiak entregatzeko, eta salgai jarri zituzten. Oposizioak deitu zituzten Lekeitioko Udal Banda izendatzeko, eta La Independientek irabazi zituen. 1902an, soldata handiagoa eskatu zuten, uko egin zieten, eta banda desegin zuten. Hantxe amaitu zen Casimiro Etxeberriaren banda.

Hala, oposizioak deitu zituzten zuzendari kargurako, eta Agapito Hernandez nafarrak atera zituen. 1903rako, hamabost musikariko taldea eratu zuen. Musika eskola ere jarri zuen martxan 29 ikaslegaz; ikasleen artean Zapaterito de Lekeitio hurrengo hamarkadan pilotako izarra izango zena egon zen.

Singerren bibotia. Udalak araudi gogorra jarri zuen helburu eta betebeharrekin; isunak ezartzen zizkien berandu agertzen ziren edo entseguetara joaten ez ziren musikariei. Araudia hain zen zorrotza, ez zutela beteko esan zuten musikariek, eta 1906an, dimisioa aurkeztu zuen zuzendariak, banda barik geldituta. Beraz, oposizioak deitu zituzten berriz.

[ASTE MUSIKALARI BURUKO INFORMAZIOA]

1907an, Miguel Oñate jarri zen zuzendari, «Donostiako orfeoitik etorritako musikari bikaina». 1912an, espedientea zabaldu zioten, banda ez zebilela ondo eta irailera arteko epea eman zioten egoera zuzentzeko. 1914an, dimisioa aurkeztu zuen, makal zebilela esanda. 150 bat lan sortu zituela esan zuen, baina ez ziren ageri inondik, eta Garateak azaldu zuenez, 2016an, ezusteko bat eraman zuen Isaias Gezuragak. «Etxe zahar bat jaurtitzen ari zirela, Miguel Oñatek bandarako egindako Singerren bibotia-ren partitura aurkitu zuen».

Urrian joan zen Oñate, eta banda Julian Ziarretak hartu zuen. Aurreko oposizioetan Feliciano Beobide gelditu zen bigarren, eta berari eskaini zioten postua, baina momentuan Argentinan zegoenez eta ezin zenez berehala itzuli, bere ordez egon zen Ziarreta.

1917an, aeroplano bi pasatu ziren Lekeitiotik, eta horren inguruko kanta ere egin zuen

1915ean etorri zen Feliciano Beobide. 1916an, ereserkirik ez zegoela ikusita, ereserkia sortu zion Lekeitioko banderari, eta aurrerantzean banderak udaletxetik irtetzen zuenean ereserki hori joko zuela erabaki zuten. «Horrela betetzen da gaur egun ere. San Antolin Egunean jo zuen ereserkia bandak 101. bider».

Ereserkia gustatu eta Zinkunegi izeneko zinegotziak Lekeitioko ereserkia izatea proposatu zuen. 1917an, aeroplano bi pasatu ziren Lekeitiotik, eta horren inguruko kanta ere egin zuen. 1919ko Gabon Zahar Egunean, berriz, Beobide Seikotea osatu zuten bandako gazteek, saloiko dantzak jo eta Beitiako zinema girotzeko. «Zine mutua zegoen orduan, eta musika nahi zioten jarri». 1921ean, Beobidek dimisioa aurkeztu zuen Tolosan zabaldu zuten Euskal Musikaren Argitaletxera beharrera joateko.

Lekitto Musika Bandak eskainitako Dantzaband ikuskizuna.

Lekitto Musika Bandak eskainitako Dantzaband ikuskizuna.

Oposizioak deitu zituzten, eta Alfonso Larreta aurkeztu zen. Larreta 1921etik 1937ra izan zen bandako zuzendaria, baina 1931ko urtea gaixorik eman zuenez, gaixoaldian Higinio Iriarte markinarra egon zen bandako zuzendari. 1936ko gerra hastean, banda mutu geratu zen. «Gorrotoa lege bihurtu zenean, bandak ez zeukan zereginik».

1943an hasi zen Tellaetxe Lekeitioko alkatea Francisko Garciagaz tratuan Lekeition banda bat sortzeko, eta 1944an izan zen Lekeitioko bandaren gerra osteko estreinaldia.

[ASTE MUSIKALARI BURUKO INFORMAZIOA]

Iruzkin bat

Egin iruzkin bat

*

*

CAPTCHA Image

*

  • dringilin
    15 urria 2017 at 1:20 - Reply

    Ezin da zuzendu izenburua ala? Ez da inpresoa. Ze mende erdi esatetik mende eta erdi esatera ehun urteko aldia dago.
    Zorionak Lekeitioko banda eder eta zoragarriari.

  • Send this to friend