Josu Agirreamalloa, Cafes Baque pilota txapelketan garaile
Etorkizuneko pilotarien 32. Cafes Baque Txapelketa irabazi du Josu Agirreamalloa Markina-Xemeingo Esku Pilota Taldeko pilotariak.Gazte mailako faboritoa zen Agirreamalloa, eta final laurdenetan eta finalurrekoan egin zuen modura, aurreikuspenak bete et...
Gazte mailako faboritoa zen Agirreamalloa, eta final laurdenetan eta finalurrekoan egin zuen modura, aurreikuspenak bete eta erraz irabazi zuen joan den barikuan Iurretako Olaburu pilotalekuan jokatu zen eskuz banakako finala.
6-0 irabazten hasi eta berehala 9-1eko abantailagaz jarri zen aurretik Agirreamalloa, eta aurkari zuen Atxondoko Josu Egurenek nahiz eta partidu ona egin, ez zuen aukera gehiegirik eduki. Markina-Xemeingo Esku Pilota Taldeko pilotariak lasai jokatu zuen, eta gehiago izan zen kantxan, 22 eta 6 irabaziz. «Hasierako 9-1 emaitzak markatu zuen partida, eta bidea erraztu zion gure pilotariari», azaldu du Pello Urionabarrenetxea Markina-Xemeingo Esku Pilota Taldeko entrenatzaileak.
Txapelketa gehiago
Orain dela bi urte, Aimar Ibarloza taldekideagaz jokatu zuen kadete mailako finala Agirreamalloak; aurten, baina, eskuko mina zela eta, Ibarlozak ezin izan duela txapelketan parte hartu esan du entrenatzaileak. Ander Malasetxebarria ere txapelketan aritu dela gogora ekarri du Urionabarrenetxeak. «Partida bi irabazi eta final laurdenetara heldu zen».
Baque lehiaketako txapela etxean, amateur mailako txapelketa garrantzitsuenetako bat jokatuko du zapatuan Tolosan Agirreamalloak: Eskuz binakako Bankoa-DV Txapelketa. «Euskal Herri guztiko afizonatuen mailako pilotari onenek parte hartzen dute norgehiagokan. Orioko Oliden pilotaria du bikote».