Zalaparta guzti honen erdian egotea egokitu zait. Ezer gutxi jakinda.
Dei ofizial bat, diskrezio osoz. Ilusioa nabari da hitzetan, tentsio puntua tonuan. Atzera bueltarik gabeko bidai luze baten hasiera izango omen da. Gure beharra dutela, prestatzeko. Kolosala izango omen da eta. Arbasoengandik jasotako epika guztia geure barnean sartu eta bagoaz.
Lehen atseden lekua ez da inondik ere uste genuena. Helmuga baino lehenago geldiarazi gaituzte. Atseden hartzeko leku ederra, etxekoa. Datozen egun mugituen aurretik eskertuko da.
Historia biziz inguratuta gaude. Behinola herri hau ere saminaren lekuko bilakatu zen. Behinola herritar askok erbestera bidean zapaldutako bide bera egingo dugu gaur, alderantzizko noranzkoan. Istorio guzti horiek marraztutako eskuak sentitu ditugu geuregan. Nehork imajinatuko ez lukeen atseden lekua da. Guk ere bide ofizialagoak uste genituen. Gure segurtasuna lehenestearen abilezia. Heldu behar gara. Hegoalderako sortzen ari direnaz eta gure zeregin propioez ezer gutxi dakigu orain arte.
Eta beldur puntua gurekin badaramagu ere, bidean zehar aurkitzen ditugun bizi istorioek zimurtutako esku eta etorkizun amestuak marraztutako begiradak geure egiten ditugu, geu egiten gaituzte. Ikasleak dira, baina baita diputatuak, jubilatuak dira baina baita administrazioetako langileak, gurasoak dira, lur-lantzaileak, beltzaranak, langileak, txarnegoak… Los nadie direla kontatzen digu interbentore batek. Ezberdinak izanik ere ametsak batu dituela guztiak. Nor izatearen ametsak.
Bagoaz nonbait plazara. Egun berezia, publiko egingo omen gaituzte. Eraikitako imajinaren antzik ez omen dugu guk? Hau ere ez da epikaren iruditegian genuena. Running-lariekin gurutzatu gara kaleetatik, gaupaseroekin, hiriaren bizitza normalizatutik… Eta jendetza nor izate horren eraikuntzan, beraien hitza errespetatzeko gorputz izatean. Bizitza emateko prest zegoen jendearekin amestu genuen iraultza, eta badu horretatik zerbait, baina bizitza amesten eta gozatzen duen jendearekin egiten ari dira hemen iraultza. Hau iraultza demokratikoa da. Mundu osoan isla duen iraultza kolosala.
Instituzio batek nor izatearen eraikuntzan herriari erabaki hitza ematearen determinazioz iritsi naiz ni honaino. Eta noski, urteetan zehar los nadie guzti horiek, herriak finean, espazio publikoa hartu duelako. Ez direlako blokeatu nola edo nork atala erabat zehaztean, zer egitean tematu direlako baizik. Asmatu dutelako instituzio, herri, subjektu artikulazioan, ametsean.
Historia biziz betetako motxilaz, eta esperientziaz jositako euskaldunen ekarpen eta babesa emateak, egin dituzten kilometro eta parte hartze txalogarriak, jarri nau orain zuen euskaldunon eskuetan. Euskal Herrian bertan burujabetza prozesu indartsu bat martxan jartzeko testigu gisa.
Eta hala izaten ari da gaurdaino, kolosala. Errealitatea bera, gu, jada ez gaude atzo geunden lekuan, ezta etzi egongo garen lekuan ere. Dena den, jaramon askorik ez egin. Hautestontzi bat besterik ez naiz. Taperwarea ematen duena, bai, baina hautestontzia.
PD: Izan ninteke Idoia, baina izan ninteke ere Jordi, Trini, David edo Dolors, Toni, Saül, Rita edo Eva. Baina batez ere izan ninteke Joseba. Guztien ideiek josi dute testu hau.