Etxebarriko frontoi eremua erabilera anitzerako gune bihurtuko dute
Probalekuko lurzorua estali eta gimnasio txiki bat eraikiko du aterpean udalak. Egitasmoa datorren urteko aurrekontuen proiektu nagusia izango daOtsolo eraikinerako aurreikusita zeukan proiektua atzeratu eta frontoi eremuan kokatuko den proiektu berri ...
Probalekuko lurzorua estali eta gimnasio txiki bat eraikiko du aterpean udalak. Egitasmoa datorren urteko aurrekontuen proiektu nagusia izango da
Otsolo eraikinerako aurreikusita zeukan proiektua atzeratu eta frontoi eremuan kokatuko den proiektu berri batean jarriko ditu indarrak Etxebarriko Udalak. Probalekuko lurzorua estali eta frontoi barruan dagoen arkupean gimnasio txiki bat ipini nahi dute, aldagela eta guzti.Pilotan jokatzeko edo probak egiteko izan beharrean bakarrik, frontoiko guneak erabilera anitzagoa izatea dute helburu. Frontoi barruan dagoen 350 metro koadroko probalekuak erabilpen gehiago izan ditzakeela uste dute, eta horregaz batera, kontrakantxa leun bat jarri eta partida ofizialak ere erakarri nahi dituzte herrira.
Esan dutenez, herritarren eskaerei erantzun nahirik, aspalditik zeukan udalak herrian kirolgune bat egiteko asmoa. Baina orain arte ez dute horretarako aukerarik ikusi. «Urteak dira probalekuari erabilgarritasun gehiago eman nahi diogula, baina orain arte zailtasun teknikoek eragotzi dute egitasmoa». Orain, baina, sistema berri bat ezagutu dute, eta probalekua eta frontoia egokituko dituzte erabilera handiago hori lortzeko. «Mallabia, Berriz eta Abadiñoko ereduak ikusi ditugu eta Etxebarrin ere funtzionatu dezakeela uste dugu».
Ipini eta kendu
Jesus Iriondo Etxebarriko alkateak azaldu duenez, probalekua tarima bategaz estaliko dute. Tarima hori probetarako kendu egingo litzateke «modu erraz batean», eta probarik ez dagoenean tarima horren gainean beste era bateko jarduerak egin ahal izango litzateke.
Horrez gain, 100 metro koadroko gimnasioa geldituko litzateke aterpean. «Gune berdin batean bost bat ekintza batera egin ahalko lirateke».
Jarlekuak ere harmaila mugikor baten bidez jarriko dituzte. Hala, erabiltzeko jarri edo baztertu egin ahalko dira.
Datorren urtera begirako aurrekontuen zati handia eramango du proiektu berriak. «Otsolo eraikina egokitzeko aurreikusita zegoen kopurua ere proiektu honetara igaroko da», zehaztu du alkateak.