Aspaldi honetan geroz eta gehiago aztoratzen naute pertsona baten edo pertsona talde baten gabezien inguruan diharduten hizketaldiek. Agian ez naiz kontzientea izan orain dela gutxi arte zeinen gorputz txarra utzi ohi didaten horrelako elkarrizketak, batzuetan hitz egin dugun gaiaren inguruko argazkiaren alde handi bat ikusi ez eta besteetan munduarekiko ikuspuntu negatiboa landu baino ez dugunaren zaporearekin.
Duela urte batzuk irakurri nuen eta azken hilabete hauetan berriro eskuartean izan dudan liburu baten arabera, gabezien hizkuntza hau, XX. mendean garatu eta hedatu da batik bat, giza jokaera zientifikatzearekin batera. Depresioa, identitate krisia, errepresioa, eta abar bezalako hitzak eguneroko hiztegira gureganatu ditugu.
Lengoaia berriztatzea eta hiztegi oparoago batekin hornitzea ez da berez penaz hartzeko zerbait; soziokonstrukzionismoaren ikuspegitik, ordea, hizkuntzak gure munduaren mugak ezartzen dizkigu, gure esperientziari hizkuntzatik haratago dagoenari esanahirik erantsi ezin diogulako.
Gainera, Norvegiako psikiatra ezagun batek esan ohi zuen bezala, mintzaira ez da errugabea, arriskutsua izan daitekeelarik. Izan ere, hizkuntza da errealitatea eratzeko daukagun tresna (bakarra). Beraz egiten dugun hizkuntzaren erabilpenak eragin handia izango du eratzen dugun errealitate horretan.
Goian aipatutako liburu horren arabera, besteak beste, hautatzen dugun gabezien hizkera dela-eta hizkuntzaren erabilpenak duen eragin hori konparaketa, hitz edo ezaugarri horren araberako epaiketa pertsonala eta norbere burua besteekiko alderatzeko joera dakar.
Gabeziak identifikatzeko ditugun joera honekin bizitza osoan arazoren bat edo beste izan ez duen pertsonarik ezagutzea zaila egiten zait. Ze bizitza osoan, haurtzaroan bertan!
Aurrekoan nire bederatzi hilabeteko semea lotan behatzen nengoela hori pentsatu nuen hain justu: nahiz eta inongo minik edo sufrimendurik izatea nahi ez dudan, arazoak ikusteko eta izendatzeko daukagun gaitasun hau dela eta, zaila iruditzen zaidala arazorik gabeko haurtzaro bat izatea. Arazotzeko joera hau bihurtu nuen, hortaz, arazo.
Aste honetan psikologia positiboarekin egin dut topo. Zoriona, erresilientzia, eta giza bertuteak ikasten ditu psikologiaren adar honek. Zientziaren munduan toki bat aldarrikatu duela entzun dut, hasiera batetik. Psikologia positiboak proposatzen dituen hizkuntza eta ezaugarriei ere gure egunerokotasunean tokia egitea gustatuko litzaidake.