Arkeologia jardunaldiek bi hitzaldi, Artxandara txangoa eta zinema dakartzate aurten
Martitzenean hasiko dira jardunaldiak, eta zapatuan amaitu. Laidako uretan hondoratuta aurkitu duten ontziari buruzko azalpenekin hasiko dituzte jardunaldiakMartitzenean hasiko dira AGIRI arkeologia elkarteak antolatzen dituen jardunaldiak. Bi urtean b...
Martitzenean hasiko dira jardunaldiak, eta zapatuan amaitu. Laidako uretan hondoratuta aurkitu duten ontziari buruzko azalpenekin hasiko dituzte jardunaldiak
Martitzenean hasiko dira AGIRI arkeologia elkarteak antolatzen dituen jardunaldiak. Bi urtean behin egiten dituzte, eta aurten elkarteko kide izandako Esteban San Pedro Layuno izango dute gogoan, hark egindako lana eskertzeaz gain: «Beti alboan zuen Maria Jose Guillemekin egindako miaketa lanek aurrerakada handia suposatu zuen Oka ibaiaren arroko aire zabaleko historiaurreko habitatak ezagutzeko garaian», azaldu du AGIRIk.Zinema saioa, Artxandako lubakietara irteera eta bi hitzaldi eskainiko dituzte aurten arkeologia jardunaldiek. Martitzenean ur azpiko arkeologian aritzen diren Mercedes Gomez Bravok eta Juan Carlos Zallo Uskolak Laida eta Txatxarramendi parean aurkitu dituzten aztarnen berri emango dute. Hain zuzen, kainoiak garraiatzen zituen hondoratutako ontzi baten aztarnak aurkitu dituzte, eta berbaldi hori interesgarria izango dela aurreratu du AGIRI elkarteko Juan Carlos Lopez Quintana Tana-k. Azaldu duenez, hare azpian dauden arrasto horiek azaletik ikus daitezke batzuetan, mareak behera egiten duenean.
Baina ez da martitzenekoa izango jardunaldietan eskainiko duten hitzaldi bakarra. Hilaren 15ean, Artxandako lubakietan egindako indusketei buruz ariko da Etor Telleria Sarriegi. «Gerra garaiko aurkikuntzek eta memoria historikoagaz zerikusia duenak interesa pizten du gaur egun, eta Artxandan egindako lanaren berri emango du indusketa lan horien zuzendari Telleriak», azaldu du Tanak.
Lana bistaratuz
Orain urte batzuk jardunaldien formatua aldatzea erabaki zuten; orain, ikus-entzunekoren bat ere proiektatzen dute. Aurten, Gyptis: un barco griego de Masalia del siglo VI a.c. eta Barco fenicio de Mazarron 2 ikusteko aukera egongo da eguenean.
Zapatuan, berriz, Artxandara joango dira. Bertan, Avril mendiko lubakietan bisita gidatua egiteko aukera izango dute parte hartzen dutenek, Murugainen eta Artxandako babesgunean egindako indusketen zuzendari Etor Telleria Sarriegiren eskutik.
40 lagunentzako lekua dago autobusean, eta jardunaldietan eman daiteke izena.
Jardunaldiak eskualdean egiten den lanaren berri zabaltzeko beharrezkoak direla uste du Tanak, «jendeari azaltzeko historian gertatu izan dena». Arkeologia historikoa gizarteratzeko modu bat dela uste du AGIRIk.