Zazpi
familia daude oraindik etxetik kanpo, bai eta
lokal bat ere. Abuztutik egoera ez da aldatu, eta, beraz, hilero legez, kalean egon dira gaur [azaroak 11] goizean San Ignazioko kaltetuak.
Hogei hilabete daramatzate etxetik kanpo, eta egoera hori gogora ekartzeko bildu dira herritarrekin batera, etxeen atari aurrean.
Mendiak jotako etxeak bederatzi izan baziren ere, kalte txikiagoak izan zituzten batzuek, eta konponketak eginda, etxean daude. Beste zazpiak
urtarrilean dute epea jarrita.
San Ignaziokoek etxebizitzen aurrean egin duten elkarretaratzea.
Momentu honetan, eraikin kaltetuenaren atzeko parteko aurrealdea guztiz konponduta dagoela esan dute Saiñazio Mendi Azpixan gestorakoek. “Terrazak eta kanpoalde guztia konponduta dago, baina
barrukoa falta da, etxebizitza barruak konpontzea”. Hala ere,
bide onetik doazela ikusten dute. Jabeen erkidegoak kontratatu zituen obrak, eta beharrak ondo doazela azaldu dute. “Beranduen jota, urtarrilerako denak etxean egotea zen helburua, eta bide onetik goaz”.
Horma. Etxebizitzak bai, baina atzeko horma
oraindik erabakitzeke dagoela azpimarratu dute gestorako kideek. Hormaren konponketak beste zazpi hilabeteko lana izango dela diote, baina ez dakite noiz hasiko diren. “Oraindik esleipen eta kontrataziorik ez dago, atzeko hormari berriz ekiteko dirurik ez da heldu -eta udaletxera”.
Kamiñalde eta Kaleandikoak autoekin etxeetara heldu ezinik dabiltza bi urtez
San Ignaziokoez gain, egoera horrek
Kamiñalde eta Kaleandi guztiari eragiten diola gogora ekarri dute. “Autoekin etxera ezin helduta dabiltza, eta anbulantziek ere arazoak dituzte. Bi urte pasatu egingo dituzte etxeetara ezin ailegatuta”.
Kreditua onartuta omen dauka udalak, baina gestorakoek esan dutenez, diruak ez daude oraindik udaleko kutxan. “Eta dirua dagoenetik hasi behar da prozesu administratibo guztia”.
Etxe barruko edukiaren kontua konpontzen dabiltza orain San Ignazioko kaltetuak
Kaltetuak, bien bitartean, etxe barruko edukien kontuak zehazten dabiltza. “Etxe barruko ormak, lurzorua… konpontzea onartuta dago, eta diruz lagunduta, baina apurtutako oheak eta abarrak, hau da,
edukiaren kontua, guztiz lotu barik, eta horretan gabiltza”.
Astero jarraitzen du gestorak udalagaz batzen. “Ekinean jarraitzen dugu etxe guztiak konpondu eta denok barrura sartu ahal izan arte”. Elkarretaratzeak egiten jarraituko dute, beraz, urtarrilera arte.