Joanes Goitisolok eta Imanol Goñik hitzaldia emango dute Munitibarren
Marraixo Kirol Klubak atletismoari eta mendi lasterketei buruzko hitzaldi-solasaldia antolatu du domeka honetarako [azaroak 19].
Joanes Goitisolo gernikarrak eta Imanol Goñi natxituarrak haien esperientzia kontatuko diete bertaratutakoei. Batik bat mendi lasterketetan ibilbide oparoa burutu dute, eta hainbat garaipen eskuratu dituzte. Hala, besteak beste, mendi lasterketak, duatloi zein triatloiak edota krosa izango dituzte hizpide.
“Goñi mendi lasterketetan punta-puntako lasterketaria da, proba asko irabazi ditu, eta EHko txapelduna da kilometro bertikalean. Goitisolok ere denboraldi bikaina burutu du, eta garaipen asko lortu ditu; mendi lasterketatik duatloi eta triatloietara pauso bat eman du, eta aurtengo Euskal Herriko triatloi olinpikoko txapelduna da”, zehaztu dute Marraixo Kirol Klubeko kideek.
Munitibarko udal aretoan emango dute hitzaldia, 18:00etan hasita.
Marraixo Kirol Klubeko kideek azaldu dutenez, azken urteetan trail eta mendi lasterketek “boom handia” hartu dute, eta afizioa gora doala ikusita aukera polita ikusi dute aipatu berbaldia antolatzeko. Proba horiek hartu duten indarraren adibide ipini dute Urdaibai Kopa: “Inguruan dugun adibiderik argiena da; Urdaibai Kopan jende askok parte hartzen du”.
Besteren artean, Goitisolok eta Goñik trail mundua eta Euskal Herriko selekzioa izango dituzte hizpide, eta kirola eta familia zein lana zelan uztartzen dituzten kontatuko dute. “Lagun arteko giroan iritziak elkartrukatzea da asmoa”.