Yolanda Arrieta Malaxetxebarria idazleak Miami Book Fair (AEB) liburu azoka garrantzitsuan parte hartuko du aste honetan,
Etxepare Euskal Institutuaren eskutik. Joan den domekan [azaroak 12] hasi zen azoka, baina Etxebarriko idazlea asteburuan helduko da bertara hainbat ekitaldi eta jardueretan parte hartzeko.
Bariku goizean [azaroak 17] irtengo du, hain zuzen, Miamirantz, eta ilusioz beteta doala adierazi du.
Miami Book Fair azokako
IberoAmerican Authors Program delako sailaren barruko ekintza ezberdinetan hartuko du parte. Zehatz esateko,
Haur eta Gazte Literatura landuko duten azokaren atalean egongo dela aurreratu du idazleak.
Yolanda Arrieta idazlea tailerra ematen. Argazkia: Herri Biblioteka
Hasteko, zapatu [azaroak 18] eguerdian,
Desafios de los libros para niños y jovenes en tiempos convulsos izeneko mintegian hitz egingo du; arratsaldean, berriz, Bizenta Mogel Elgezabal lehen euskal emakume idazlearen bizitza oinarri hartuta idatzi zuen
Argiaren alaba nobela aurkeztuko du, eta biharamunean [azaroak 19],
De viva voz irakurraldian egongo da nazioarteko beste hainbat idazlerekin batera, euren obren zatiak irakurtzeko.
Astelehenean atseden hartu eta azokaz gozatzeko aukera izango du idazleak Euskal Herrira itzuli baino lehen. Miamiko azokara doan lehen aldia dela aitatu du Arrietak, eta “giro ona eta tratu ona” espero ditu bertan. Joan den urtean Lea-Artibai eskualdeko beste idazle bat egon zen Miamiko azokan, Miren Agur Meabe lekeitiarra.