Odoloste Eguna antolatu du Beti Jai elkarteak
Odolosteak dastatzeko aukera izango dute zapatuan, Markina-Xemeinen. Beti Jai elkarteak antolatuta, Odoloste Eguna ospatuko da aurten, estreinako. Elkarteak Uni frontoiaren ondoan daukan egoitzaren aurreko plazan jarriko dituzte mahaiak.Dastaketa 12:30...
Dastaketa 12:30ean hasiko da, baina aurretik, porruak txikitu eta odoloste batzuk prestatuko dituzte erakusketa modura. Ondoren, odoloste pintxoak egongo dira aukeran, euro baten truke. «Bertan egongo gara 15:00ak arte», zehaztu dute.
Elkarteko kideek jakitera eman dutenez, 100 bat kilo odoloste egiteko asmoa daukate, eta horretarako lanean dabiltza aste osoan. Jose Alberdi Beti Jai elkarteko lehendakariak azaldu duenez, 500 porru, 45 kilo tipula, 16 kilo koipe, kilo 2 eta erdi gatz eta 160 metro heste erabiliko dituzte odolosteak egiteko. Lehendakariak berak ditu prestaketarako beharrezko diren gailuak, eta elkarteko kideen artean ari dira sukalde lanetan. «60 ogi ere eskatuta dauzkagu pintxoak emateko», zehaztu du Alberdik.
Gaur eta bihar odolosteak egingo dituztela ere gaineratu dute, «sikatzen egon behar dira eta, denbora batez». Eta denak prest edukiko dituzte zapaturako.
Ekintza ugari antolatzen ditu urte osoan Beti Jai elkarteak, eta oraingoan Odoloste Eguna antolatzea ere bururatu zaie.