90 lagun inguruk eman dute izena Jose Mari Naberan herri krosean
Bihar arratsaldean egingo dute Ondarroan Zubi Zahar herri ikastolak antolatutako Jose Mari Naberan herri krosa.Ikastolaren 50. urteurreneko ekintzetako bat izango da, eta lasterketa hiru mailatan egingo da: txikia, ertaina eta handia.Handian 16 urtetik...
Ikastolaren 50. urteurreneko ekintzetako bat izango da, eta lasterketa hiru mailatan egingo da: txikia, ertaina eta handia.
Handian 16 urtetik gorako neska-mutilek parte hartuko dute, eta, momentuz, 90 bat parte hartzaile daude izena emanda; gehienak ondarrutarrak dira, baina badago Lea-Artibai eta Mutrikuko parte hartzailerik ere. Lasterketa handiak 6 kilometro eta 800 metroko luzera edukiko du, eta 17:00etan hasiko da ikastolan. Izen ematea gaur gauerdian amaituko da. www.herrikrosa.eus) webgunean eman behar da, 10 euro ordainduta. Bihar ezingo da izenik eman lasterketa handian.
Beste bi lasterketak 380 metrokoa eta kilometro bat eta 340 metrokoa izango dira. Txikia 16:00etan hasiko da, eta ertaina ordu erdi beranduago. Bi horien hasiera eta amaiera Itsasaurren izango dira. 15:15ean zabalduko dute izena emateko aukera, Itsasaurren bertan.
Txikian Lehen Hezkuntzako 2. mailara arteko ikasleek parte hartu ahalko dute, eta ertainean, berez, 16 urtetik beherako korrikalariek parte hartu behar badute ere, handia egiteko gai ez direla ikusten dutenek edo handia egin nahi ez duten nagusiek ere parte hartu dezakete.
Txikia, inklusiboa
Lasterketak kutsu solidarioa edukiko du, eta batzen den dirua Ondarroako Karenka elkarteari bideratuko zaio, urtean egiten dituen ekintzak burutzeko.
Antolatzaileek azpimarratu dutenez, kros txikia «inklusiboa» izango da. Horrela, aniztasun funtzionala daukaten neska-mutilei ere lasterketan parte hartzeko aukera eman nahi izan die antolakuntzak.