Donostiako XIX. Estropada Herrikoia lehiatuko du Isuntzak bihar
Isuntzako gazteek bigarren urtez jarraian parte hartuko dute Donostiako XIX. Indoor Arraunketa Estropada Herrikoian. Ergometro proba horretan Lekeitioko taldea izango da Lea-Artibai eta Busturialdeko arraun taldeetatik ordezkaritza bakarra.Kategoria de...
Kategoria desberdinetan lehiatuko dira arraunlariak bihar, 16:00etatik aurrera. Benta-Berri kiroldegian elkartuko dira parte hartzaileak.
12 urtera artekoek 2 minutu egin beharko dituzte ergometroan. Horien ostean, 13-16 urte bitarteko gazteen txanda izango da, eta 1.000 metro egin beharko dituzte. Amaitzeko, 17 urtetik gorakoek 2.000 metro egingo dituzte. Isuntzatik bederatzi kimu, zortzi haur, hamalau kadete eta sei gazte joango dira Donostiara.
Arraun taldeko ordezkariek azaldu dutenez, helburu zuzena ergometro proba egitea bada ere, arraunlariek ondo pasatzea ere garrantzitsua da: «Eta beraien arteko harremanak sendotzeko ere baliagarria izango dela uste dugu».
Sari banaketa
16:00etan hasi eta lau bat ordu iraungo ditu txapelketak. Guztira, 27 txanda banatu dituzte. Azken txanda 19:54an hasiko da , eta 20:00ak aldera hasiko da sari banaketa ekitaldia.
Hogei makinatan lehiatuko dira, baina arraunlariek beroketa saioa egiteko edo entrenatzeko ere makinak edukiko dituzte eskura.