Kofradiako proiektua herritarrek erabakitzea eskatu du EH Bilduk
Kofradia Zaharrean zein proiektu egin erabakitzeko herritarren parte hartzea eskatu du Mutrikuko EH Bilduk.Mutrikun martxan jartzen diren proiektu garrantzitsuek «udaleko eragile guztien edo gehienen» onarpena eduki arren herritarrek euren iritzia em...
Mutrikun martxan jartzen diren proiektu garrantzitsuek «udaleko eragile guztien edo gehienen» onarpena eduki arren herritarrek euren iritzia emateko aukera edukitzea garrantzitsua dela dio Mutrikuko koalizio abertzaleak.
Hori dela eta, uste dute «bide egokiena parte hartze prozesu erabakitzaileak martxan jartzea dela, bereziki proiektu horren aurrean ikuspuntu desberdinak daudenean». Hartara, Kofradia Zaharraren proiektuarekin bide hori jarraitzea eskatu dute, eta bide batez, EAJ eta B+I alderdiei bat egiteko deia egin diete, «herriari hitza eta erabakia emateko». Kofradia Zaharrean gauzatu daitezkeen proiektuak ikusi eta beharrezkoak diren azterketak egin ondoren, parte hartze prozesu erabakitzailea jarri nahi dute martxan.
Gaineratu dute, askotan badakitela proiektu baten inguruko erabakia ez dela soilik udalaren eskumena, baina beste erakunde horien aurrean herriaren borondatea defendatzeko eskaria egin diote Mutrikuko Udalari. Guztira EH Bilduk lau eskari dituen mozioa aurkeztu du Mutrikuko Udalean: parte hartze prozesua martxan jartzeko konpromisoa hartzea, udalak gaiaren inguruan hartutako erabakiak herriratzea, konpromiso ekonomikoa hartzea eta aurrekontuetan prozesu hori gauzatzeko diru partida gordetzea eta prozesuaren emaitza erakundeetan defendatzea.
Bestalde, aste honetan pankarta bat jarri dute Kofradia Zaharraren Lagunek, Noiz arte honela? Gure itsas ondarea hemen dioena.