Ontzi pelagikoen gaineko kontrola areagotzeko eskatu du Eguzkik
Arrantzatzen duten espezieez gain, babestuta dauden beste hainbat espezie ere ontziratzen dituztela salatu dute. Hegaluze pelagikoak zigilatzeko eskatu duteOntzi pelagikoak debekatzen ez diren bitartean kontrol zorrotzagoa eskatu du Eguzkik.Talde ekolo...
Arrantzatzen duten espezieez gain, babestuta dauden beste hainbat espezie ere ontziratzen dituztela salatu dute. Hegaluze pelagikoak zigilatzeko eskatu dute
Ontzi pelagikoak debekatzen ez diren bitartean kontrol zorrotzagoa eskatu du Eguzkik.Talde ekologistak salatu duenez, bandera frantses eta irlandarrak dituzten ontziak legea hausten ibili dira zenbaitetan. Nazioarteko uretan arrantzatzen dutenean, arrantzua legezkoa dela diote, baina kostatik 12 milia baino gutxiagora arrantza teknika hori erabiltzea legez kanpokoa dela gogorarazi dute Eguzkikoek.
Espainiako Gobernuak zein Eusko Jaurlaritzak debekatuta daukate ontzi horien jarduna, bazterkin ugari sortzen dituztelako. Ekologistek azpimarratu dute sare pelagikoek futbol zelai baten tamainako ahoa dutela, eta horrek arrantzatu nahi duten espezieaz gain beste hainbat ere sarean erortzea eragiten duela, tartean babestuta dauden hainbat: izurdeak, baleak, dortokak eta ezpata arrainak, esaterako. Gaineratu dute, espezie horiek uretara bueltatzen dituztela ondoren, hilik baina, sarean datorren arrantzu pisutsuaren ondorioz. «Arrantza pelagikoa lege barruan egiten denean ere ez da iraunkorra, arrantza-tokiak eta ekosistemak agortzen dituelako». Hori ikusita, bi administrazioei erantzukizun handiagoa eskatu die Eguzkik; ikuskapen gehiago, bazterkinak kontrolatzea, kuotak betetzen ote dituzten ikustea eta lehorreratze prozesuaren kontrol zorrotzagoa, hain zuzen ere.
Era berean, Kantauri itsasoko arrantzaleek egiten duten lana babestu dute, artisau teknikak erabiltzen dituztelako, hegaluzeak banaka-banaka arrantzatuz, bai xaxiango arrantza egiten dutenean eta baita katzeakoa egiten dutenean ere. Euskal arrantzaleak hegaluzetara ateratzen direnean, «ez dute bazterkinik sortzen».
Zigilua
Eguzkik gogorarazi du kontsumitzaileek gehien erosten duten hegaluzea ontzi pelagikoek arrantzatutakoa dela, «hori baita kontserbagintzan erabiltzen dutena, gehienbat».
Horren aurrean, eta arrandegietan ere ontzi pelagikoek arrantzatutako geroz eta hegaluze gehiago saltzen dela ikusita, kontserbetan saldutako hegaluzea pelagikoen bidez arrantzatutakoa ez dela bermatzen duen zigilu bat erabiltzen hastea eskatu dio Eguzki Talde Ekologistak Eusko Jaurlaritzari.
Gaur egun artisau teknikekin arrantzatutako hegaluzeari Eusko Label zigilua jartzen diote baimendutako euskal portuetan.