Presoak askatzeko gizartearen aktibazioa eskatu dute ikasleek
Euskal presoak askatzeko gizartea aktibatzea beharrezkoa dela azpimarratu zuten ikasleek zapatuan, Ondarroan.Ikasle Abertzaleek deituta, Ibon Iparragirre eta larriki gaixorik dauden gainerako presoak aske uzteko exijitu zuten: «Gaurko mobilizazioagaz ...
Ikasle Abertzaleek deituta, Ibon Iparragirre eta larriki gaixorik dauden gainerako presoak aske uzteko exijitu zuten: «Gaurko mobilizazioagaz ikasle mugimendu bezala ekarpen bat egin nahi izan diogu Euskal Herrian egiten ari diren hainbat ekimeni. Izan ere, preso guztiak etxera ekartzeko gizarte zibilaren aktibazioa behar-beharrezkoa dela ikusten dugu».
Iparragirreren eta, oro har, larriki gaixorik dauden presoen egoera «muturrekoa» dela gogorarazi zuten. «Ibon eta gainerako presoak kartzelan mantentzeko ahalegin guztiak egiten ari direnek eta horien konplizeek argi daukate noraino heldu diren; euren benetako aurpegia ari dira erakusten». Hori, hain zuzen ere, Euskal Herrian urteetan jasaten den errepresioaren adibidea dela gaineratu zuten. «Euskal Herrian bizi dugun errepresioak ez dauka etenik». Horren adibide legez, asteon etxe kartzelan larriki gaixorik preso zegoen Belen Gonzalezen heriotza aipatu dute.
Espainiar eta frantziar estatuei agertu nahi izan zieten errepresioa darabilten bitartean, eraso guztiei aurre egiteko kalean aurkituko dituztela. «Herri mobilizazioa eta gizartearen aktibazioa izango dira gure helburuak lortzeko tresnak, bai euskal preso politiko guztiak etxera ekartzeko eta baita ere gure helburu politiko guztiak lortzeko! Euskal eskola nazionala, nafar estatu sozialista, feminista, euskaldun eta aske baten alde borrokan jarraituko dugu».
Bestalde, domekan, Iparra Galdu Baik-ek deituta, elkarretaratzean eskatu zuten Iparragirreren askatasuna. Sare herritarrak, berriz, giza katera deitu du etzi, 19:00etan. Zaldupeko Zubitik hasiko da.