Olazar elkartearen eskutik,
ekimenez bete etorri dira Santa Katalina jaiak gaur [azaroak 25] Gizaburuagara. Frontoia izan dute umeek eguneko lehen geralekua: bertan egin dute
X. Barraskilo lasterketa. Dozena bat umek parte hartu dute, eta azkenean, Mikel Aranzata, Oier Aboitiz eta Alain Arandoren barraskiloak izan dira helmugan sartzen lehenengoak. Sariketa amaituta, barraskiloak belartzara eraman eta opariak jaso dituzte gaztetxoek; goxoki poltsa eder bana.
Herriko tabernan bazkaldu dute, lagunarteko giroan
Eguerdian, herriko tabernan bildu dira bazkaritan; txikienek lehenengo eta nagusiek gero,
giro ederrean bazkaldu dute. Eta arratsaldean, umeentzako ludoteka eta antzezlana izan dituzte gaztetxoek aukeran, azken hori udal aretoan.