Mutrikuko Turismo Mahaiak hirugarren bileran egingo du urtarrilaren 30ean
Turismoak herrian daukan garrantzia ikusita, udalak eta herriko komertzioek Turismo Mahia osatzea erabaki zuten uztailaren 11an. Horren harira bi bilera egin dituzte, eta hirugarrena urtarrilaren 30ean egingo dute; Berdel Eguna eta Aste Santuari buruz hitz egingo dute.
Herrian turismoak gero eta garrantzi gehiago daukala esan du udalak. “2005ean Turismo Bulegotik pasatu zirenak eta aurtengo bisitak kontuan hartuta (urrira arteko datuak), kopurua %52 igo da”.
Turismo Mahaiaren bileretan ondokoek parte hartzen dute: Geoparkeko kudeatzailea, Debagesako turismo teknikaria, udal zinegotzia eta teknikoa eta Mutrikuko komertzioetako ordezkariak. Bigarren bileran (azaroak 29) 2017ko datuak banatu zituzten, eta 2018rako Udalak, Debabarrenak eta Geoparkeak aurreikusitako ekintzak aurkeztu zituzten. Beste aldetik, komertzioen proposamenak jaso dituzte, nahiz eta udalak argi utzi duen aurrekontuak onartu arte ezingo direla behin betikotzat jo.
Bigarren bilera horretan 13 pertsonek parte hartu zuten: Galdona kanping, Aizeta kanping, Hitzalde nekazal turismoa, Arbe hotela, Goitibehera taberna, Ainondo kirol, abentura eta aisialdi jarduerak, The Basque Way, Debegesaren turismo teknikaria, Euskal Kostaldeko Geoparkeko arduraduna, Mutrikuko Udaleko Garapen zinegotzia eta Mutrikuko Turismo Bulegoko arrera zerbitzua eta teknikaria.
Dena dela, aurreratu dute Mutrikuko turismo sektorean lan egiten duen edozeinek parte hartu ahal duela bileretan. Norbaitek informazio gehiago nahi izango balu, Mutrikuko Turismo Bulegoarekin jar deiteke harremanetan: 94-360 33 78 telefono zenbakian edota turismo@mutriku.net posta elektronikoan.