Ekintza Lekeitioko Ezker Abertzaleak antolatuta egingo dute
bihar [abenduak 6] Eskolapetik hasita, 19:00etan. Katalunian konstituzioaren 155. artikulua aplikatu eta gero, kalera ateratzea “inoiz baino garrantzitsuagoa” dela diote antolatzaileek.
Adierazi dutenez, “ordua da Catalunyako herriari begira egotetik, Euskal Herria independentziara eramango duen bidea martxan ipintzeko. Eurekin batera independentziaren egunean daukagu ipinita begirada”.
Ernaiko kideek herriko komertzioetan egoera azaldu dute, abenduaren 6n establezimenduak zabaltzeko gonbitea eginez. Halaber, herritar denei dei egin diete manifestazioan parte hartzera. “Catalunyan egin den modura, desobedientziaz hausturaren aldeko apustuan berresten gara. Bizirik dagoen Euskal Herri batean bizi nahi dugu, inori ez ezereri baimenik eskatu barik, aske izateko. Inoiz inork ez daukalako baimenik eskatu behar aske izateko, eta ez garelako geu baimena eskatzen hasiko”.
Eusko Alderdi Jeltzalearen jarrera salatu nahi izan dute, “anbiguotasunaren bidetik Euskal Herritarroi iruzurra sartu nahian dabiltzalako. Independentzia oihukatu arren, isilpean Catalunyako herriaren berba aintzat hartu ez, eta espainiar batasunaren bitartekari eta sustengatzaile bihurtu da EAJ. Inongo dudarik barik Iñigo Urkullu da Espainiako delegaturik zintzoena”.
Hitzaldia. Bestalde, trantsizioan gertatutakoek gaur egungo egoeran nola eragin duten aztertu zuten zapatuan Lekeitioko Ernaik antolatutako hitzaldian. Helburua espaniar trantsizioak erregimen frankistarekin amaitu ez zuela azaltzea zen, bai eta orainaldian horren aurka borrokatzeko gakoak azaltzea ere. Tasio Erkizia, Elbi Eiguren eta Maria Eujenia Goitia trantsizio garaiko kontu politikoez eta pertsonalez mintzatu ziren, eta Asier Zamorano Ernaiko kideak orainan eta etorkizunean gazteak zer egin ahal duten azaldu zuen.
Lekeitioko Ernai Galarrenan antolatutako hitzaldia