Datorren urtean, 2018an MTV Awards sariak Bizkaian izango dute bere jaialdi erraldoia eta mundu mailako ikuskizuna, benetan ikustekoa omen den jaialdia. Hala adierazi ziguten komunikabideen bidez gure agintariek orain dela aste gutxi. Datorren urteko udazkenean izango ei da eta desafioa egiten dizuet berri hori ez dakien nonor aurkitzeko. Zuk ez bazenekien, orain badakizu.
Hau ere lortu da. Lehenago beste batzuk lortu zituten bezala. Oraindik amaitu gabe dago, baina hor dago Abiadura Handiko Trena, zeinek EAE zistu batean ikustea lortuko duen, Bilboko portuko kruzero ontzietako bidaiariek Gasteizko Andra Maria eleiza mirestu, Donostian pintxoak jan eta Bilbon otxote bat egin eta beste portu batera joan ahal izango dute… Dena egun batean! Baita superportua, super dela, auskalo zergatik, askoz haundiagoak ere badirelako munduan. Baita Guggenheim museoa. Euskalduna Jauregia, ez dakidala zergatik den Jauregia eta ez Untziola, nahi bada kultur eta erakusketa Untziola. Baita BEC, gure Bilbao Exhibition Center, bere izen ingeles eta guzti,
un bilbaino vino a Bilbao-ren ondorengo gisa. metroa ere egin egin zen, munduko modernoena… hurrengo modernoena egin zuten arte.
Proiektu haundi asko egin dira edo egiteko bidean dira. Tartean esandako MTV Awards, mundu osoan ezagunak izatea lortuko duena, «Bilbo mapan finkatzea». Lehenengo aldiz nonori «MTV sariak BECera ekartzea idea ona litzateke» burura etorri zitzaionetik, zenbat bilera egongo ziren, zenbat ordu horren nondik-norakoak ikertzen, zenbat teknikari lanean, zenbat goi kargodunen arteko elkarrizketa eta dei…. zenbat lan hori lortzeko.
Ehunka izango ziren proiektu horretan sartutako orduak. Eta horietan beste, arestian aipatutako beste guztietan ere. Bilerak, aurreproiektuak, moldaketak, elkarrizketak, telefono deiak eta abar.
Itsaso bat diren dei horien guzti artean, nik dei bakarra eskatzera nator. Otoi, dei bakar bat egitea zera esanez: «Ez gaude Ibon Iparragirre espetxean hiltzen uzteko prest». Iparretik datozen gauzak hainbeste mirestu eta gero, Iparra ezin dugulako galdu, Ibon etxera!