Leire Etxanizek Emakume Master Cup txapelketako bigarren txapela jantzi du

Lau t'erdiko txapela irabazi zuen atzo Sopelan

Etxebarriko pilotaria 22 eta 13 nagusitu zitzaion Maider Mendizabali atzo Sopelan jokatu zen elite mailako finalean. Etxaniz gehiago izan zen hasieratik, hala ere Mendizabalek lana eman zion, batez ere partidaren lehen partean.

7-2 irabazten hasi zen Etxaniz. Azaldu duenez, partida gogortzea zuen helburua aurkaria nekatzeko asmoz. Baina hasieran gogor eutsi zion Mendizabalek. Ezkerrez egin zuen horma biko bategaz bi tantora hurbildu zen gipuzkoarra eta 8 eta 6 jarri zen markagailua. Hirura ere jarri zen anoetarra, eta etxebarrikoa estutu zuen. “Bere jokoan sartu nintzen eta horregaitik egin zuen aurrera”. Baina 14-11tik aurrera nekea nabaritu zitzaion Mendizabali eta pilotakada onez gain hutsak ere egiten hasi zen. Aukera ondo aprobetxatu zuen Etxebarrikoak aurrera egiteko, eta sendo eta seguru jarraitu zuen partida osoan markagailuak 22a jarri zuenera arte.

Leire Etxaniz Emakume Master Cup-aren podium gainean beste pilotariekin batera. Argazkia: Emakume Master Cup

Leire Etxaniz (gorriz eskuman) Emakume Master Cup-aren podium gainean, beste pilotariekin batera. Argazkia: Emakume Master Cup

Emakume Cup-ean lortzen duen bigarren txapela da Leire Etxaniz Bengoak atzo [abenduak 6] irabazitakoa. Olatz Arrizabalagagaz batera, Elite mailako txapela jantzi zuen martxoaren 5ean Etxebarriko pilotariak. “Pozik” dago lorpenagaz; txapelketaren hasieran ez zuela irabazterik espero dio, “baina behin finalera helduta irabaztea nahi izaten da”. Eta merezitako garaipena lortu zuen.

Giro ona. Ikusmin itzela eragin zuten atzoko finalek eta Sopelako pilotalekua ikuslez beteta egon zen. Etxebarritik ere ikusle asko joan ziren, autobusean. Ikusleen txalo-zaparradek animatu zituzten pilotariak eta Leire Etxanizeri ere ez zitzaizkion falta izan.

Aurretik jokatu zen lehen mailako finalean Eneritz Arrieta izan zen garailea. 22-11 irabazi zion Maite Iriarteri.

Emakume Cup amaituta, 2018ko otsaila inguruan hasiko den Emakumeen irekia jokatzeko asmoa dauka etxebarriko pilotariak. Orain arte bezala, goizeetan hartuko du tartea entrenatzeko.

 

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

CAPTCHA Image

*

Send this to friend